Gizartea -
Euskadi Irratia
Tellitu: "Ez da argi geratu hizkuntza-eredu berriak indarrean dagoen sistemarekiko izango duen aldea"
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak begi onez ikusi ditu, orokorrean, Legebiltzarrean aurkeztutako Hezkuntza itunerako oinarriak, baina faltan bota du ikastetxeek bete beharko dituzten baldintzak zehaztea, baita euskara ardatz izango duen sistemaren ezaugarruak ere.
Mikel Dominguez | EITB Media
Kolto Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea Hezkutza itunerako oinarriekin ados agertu da Euskadi Irratiko 'Faktoria'n egin dioten elkarrizketan, baina zehaztapen gehiago behar direla esan du, batez ere hizkuntza-ereduari dagokionez: "Sistema horren alde gaude, baina gaur egungo sistema eleanitza dela dio; beraz, ez da argi geratzen gaur egun indarrean dagoen sistemarekiko duen aldea".
Ikastolen Elkarteko ordezkariaren hitzetan, ez dago argi gaur egungo ereduen sistema "baztertzailearekin" zer gertatuko den. "Proposamenean elementu interesgarriak agertzen dira, baina argitze bat behar dute. Egunotan entzun dugu batzuk esanez hizkuntza-eredua desagertzen dela, beste batzuk ezetz… Ezinbestean argitu behar da", esan du.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako dokumentuan, Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzeko proposamena jasotzen da. Horren barruan sartuko dira legeak ezarritako printzipio eta helburuak betetzen dituzten ikastetxeak, legearen barruko konpromisoak eta betebeharrak beren gain hartzen dituztenak —tartean, segregazioaren kontrako borroka—, programa-kontratua sistemaren bitartez. Hura kritikatu dute EHIGE gurasoen elkarteak eta CCOO sindikatuak, sistema duala betikotzen duelakoan, eta eskola publikoaren aldeko apustua egiteko eskatu dute.
Kontrako iritzia dute ikastolek. Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren aldeko apustua "egungo dikotomia antzua gainditzea helburu duen proposamena da", Tellituren ustez. Ados dago guztiei eskubide eta betebehar berberak ematearekin, baina "faltan bota dugu bete behar dituzten baldintzak ez agertzea". Segregazioa aipatzea ondo iruditzen zaio, baina dokumentuan baldintzen artean euskara sartzea faltan bota du. "Ezagutu beharko genituzke konpromiso eta betebehar horiek", esan du, eta euskal kurrikuluma eta laikotasuna aipatu ditu horien artean.
Tellituri "ezinbesteko" iruditzen zaio udalei protagonismo handiagoa ematea, matrikulazio aldian, kasu, baina hor ere udalen papera oraindik zehaztu gabe dagoela uste du.
Azaldu duenez, gaur egun ikastolek jasotzen dituzten funtsak % 70 inguru dira, eta sistema berriarekin, behin Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren barruan sartuta, finantzazio osoa jasoko lukete Administraziotik. Hortik kanpo geratuko lirateke "jantokiko eta garraio kuotak"; "Hezkuntza publikoak egiten duen bezala, horiek kobratzen jarraituko dugu". "Jantokiko kuota soilik erabili behar da jantokiko gastuari aurre egiteko, eta ez gehiagorako", esan du.