Gizartea -

Inauteriak

Tolosako inauteriak ospatu egingo dira azkenean

Olatz Peon Tolosako alkateak berak baieztatu du, Radio Euskadin. Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera osasun-larrialdiari amaiera ematea eta gaur egun indarrean dauden murrizketa guztiak bertan behera uztea erabaki ondoren, inauteriak ospatzeko lanean hasi dira Tolosan.

Tolosako inauteriak. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia
Tolosako inauteriak
Tolosako inauteriak. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera osasun-larrialdi egoera indargabetzea eta koronabirusaren zabalkundea geldiarazteko neurri murriztaile guztiak bertan behera uztea erabaki ondoren, inauteriak ospatzeko prestaketa lanetan hasi dira Tolosan, baina "seguruenik neurriren bat hartu beharko da". Hala baieztatu du Olatz Peon Tolosako alkateak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.

Olatz Peon alkatearen arabera, Tolosaren ezaugarri diren naturaltasuna eta irudimena tarteko, "ahal dugun guztia antolatuko dugu". Halaber, aurten inauteriak bakoitzak bere herrian ospatzeko deia egin du alkateak.

Astelehenean, inauterietan parte hartzen duten eragile guztiekin (karrozak eta konpartsak, txarangak, aisialdi taldeak, txoznak, etab) elkartuko da Udala. Ondoren, iragarriko dute inauterietako egitaraua. Udalak zabaldutako oharraren arabera, ezinezkoa izango da inauteriak ohiko programazio osoarekin ospatzea, baina ahalik eta ekimen gehien antolatzen saiatuko dira.

Esate baterako, Ostegun gizeneko txupinazoa egin egingo da, baita igandeko Diana ere eta kontzertuak ere izango dira kalean.

Tolosako inauteriak otsailaren 24an hasi (Ostegun Gizena) eta martxoaren 2an (Hausterre eguna) amaituko dira.

Osasun larrialdia amaituta, kirol ekitaldien aforoek eta musukoa barrualdeetan erabiltzeko derrigortasunak bakarrik jarraituko dute indarrean, Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren eskumena baitira. Gainera, dagoeneko ez da musukorik erabili behar kalean. Alabaina, badago salbuespen bat: ekitaldi jendetsuetan derrigorrezkoa izango da, jendea zutik badago edo, eserita egon arren, 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzen ez bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Tolosa gaur EAE Inauteriak Bilbo Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak