Gizartea -
Osasun larrialdiaren amaiera
Larunbatean argituko dute zineman eta beste ikuskizun batzuetan jatea eta edatea posible izango den ala ez
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, murrizketak bertan behera uzteko dekretua larunbatean argitaratuko dute eta dokumentu horretan emango dituzte xehetasun guztiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Datorren astelehenean koronabirusaren pandemiari aurre egiteko murrizketa guztiak kenduko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta osasun larrialdi egoera indargabetuta geratuko da. Hala erabaki du LABI instituzionalak arratsalde honetan egin duen bileran.
Alabaina, batzarraren ostean egindako agerraldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ez dute argitu zer gertatuko den zinemetan eta gainerako ikuskizunetan janaria eta edaria kontsumitzeko debekuarekin.
Ildo horretan, Sagarduik zehaztu Osasun Sailak ostiral honetan bilera egingo duela LABIk gaur hartutako erabakiaren ondorioak aztertzeko eta hainbat aspekturen inguruan izan daitezkeen zalantzei buruzko argibideak larunbatean ezagutaraziko dituztela, murrizketak bertan behera uzteko dekretua Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, hain justu ere.
Osakidetzako egoerari dagokionez, Sagarduik ziurtatu du ohiko zerbitzuak pixkanaka-pixkanaka berreskuratzen ari direla, "ospitaleratzeak gutxitzen eta larrialdietako egoera arintzen doan bitartean".
Edonola ere, aitortu du Osakidetzan oraindik ohiko zerbitzua ematen ez dela eta kolektibo zaurgarrienetako pertsonek lehentasuna izaten jarraituko dutela, "pandemia ez baita amaitu".