Gizartea -
Koronabirusa
Urkulluk gogorarazi duenez, "pandemian jarraitzen dugu; hildakoak eta gaixotasun larriak eragiten ditu"
"Gizartearen aurrean errepikatzea beharrezkoa da: pandemian jarraitzen dugu", adierazi du lehendakariak. Zentzu horretan, "prebentzio neurriak modu arduratsuan betetzeko" eskatu dio gizarteari.
Agentziak | EiTB Media
"Pandemian jarraitzen dugu, eta pandemia honek hildakoak eta gaixotasun larriak eragiten ditu", azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Horregatik, covid-19aren aurkako prebentzio neurriak mantentzea eskatu du berriro.
LABI Aholku Batzordearen bilera amaitu ondoren agerraldia egin du Urkulluk. Astelehenetik aurrera neurri murriztaile guztiak bertan behera uztea erabaki du LABI instituzionalak. Murrizketa iragan abendutik zeuden indarrean.
"Gizartearen aurrean errepikatzea beharrezkoa da: pandemian jarraitzen dugu. Guztiak, gutako bakoitzak prebentzio neurriak zeintzuk diren badakigu; alarma egoeran egon ala ez, hemen Euskadin osasun larrialdian egon ala ez; pandemian jarraitzen dugula eta prebentzio neurriak betetzen jarraituko behar dugula badakigu", errepikatu du.
Zentzu horretan, "prebentzio neurriak modu arduratsuan betetzeko", eskatu dio gizarteari berriro. "Egoera jasan behar izan duen bi urte luzeetan" gizartearen jarrera eta jokabidea aitortu ditu lehendakariak.