Gizartea -
Asier Niebla
Gorenak ere ez du genero larrigarririk ikusi Niebla auzian eta zigorra berretsi du
EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenarekin bat egin du Espainiako auzitegiak. Nieblaren hiltzaileak 11 urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du, horrenbestez.
Agentziak| EITB Media
Auzitegi Gorenak, aurrez EAEko Auzitegi Nagusiak egin bezala, baztertu egin du genero larrigarria Asier Nieblaren auzian eta EAEko auzitegiak ezarritako zigorra berretsi du: 11 urte eta erdi bete beharko ditu gazte urnietarraren erasotzaile eta hiltzaileak.
Epaitutako gertakariak 2018ko abuztuaren 12an jazo ziren, Donostiako Aste Nagusiaren lehen egunean. 05:00ak aldera, zigortutako gizonak neska-lagun ohia ikusi zuen kalean Asier Nieblarekin hizketan. Epaiaren arabera, "korrika hasi zen, eta abiada hartuta, ukabilkada gogorra eman zion gazteari". Niebla lurra jausi zen eta buruan kolpea hartu zuen.
Donostiako Ospitalean urgentziazko ebakuntza egin zioten Urnietako bizilagunari, baina koma egoeran geratu zen zainketa intentsiboetako unitatean. Beste bi ebakuntza egin zizkioten, eta azkenean erasoa pairatu eta ia bi hilabetera, urriaren 11n, hil zen.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak epaitu zuen aurrena kasua, herri epaimahaiarekin. Erasotzaileari 12 urteko eta 11 hilabeteko zigorra ezarri zioten. Dena dela, defentsak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta horrek genero astungarria baztertu eta 11 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion. Argudiatu zuenez, Nieblarekin hizketan ari zen emakumea ez zen epaitutako gertakarien biktima izan, eta beraz, ezin zen genero astungarria aplikatu.
Erabaki horren kontra egin zuten defentsak, akusazio partikularrak eta Urnietako Udalak (herri akusazioa), baina helegite guztiak baztertu ditu orain Gorenak.