Gizartea -
EPAIKETA
Bost urteko kartzela zigorra ezarri diote Irunen neska lagun ohia bortxatu zuen gizonari
Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egin den epaiketan, akusatuak egindakoa onartu du. Kartzela zigorraz gain, gizonak 3.210 euroko kalte-ordaina eman beharko dio emakumeari, eta ezingo da berarekin komunikatu, ezta berarengana hurbildu ere.
EFE | EITB MEDIA
Gipuzkoan, bost urteko kartzela zigorra ezarri diote Irunen neska lagun ohia bortxatu zuen gizonari.
Gertaturikoa argitzeko gaur goizean Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egin den epaiketan, akusatuak egindakoa aitortu du. Halaber, Ministerio Publikoak egindako eskaera onartu du: bost urteko kartzela zigorra eta 180 euroko isuna.
Bestalde, gizonak 3.210 euroko kalte-ordaina eman beharko dio emakumeari, eta ezingo da berarekin komunikatu, ezta berarengana hurbildu ere zortzi urteko epean, kasuko iturriak aipatuz EFE albiste-agentziak zabaldu duenez.
Fiskaltzaren behin-behineko akusazio idatziaren arabera, epaitutako gertakariak 2020ko martxoaren 6an jazo ziren. Antza denez, emakumearen etxean sexu-harremanak izatea "adostu" zuten diruaren truke. Hala ere, "hitzartutako denbora edo ekintzak amaitu ondoren", zigortuak "jarraitu nahi izan zuen", eta, biktimaren "ezezkoaren aurrean", sexu-erasoa egin zion.