Gizartea -
Araba
Pintaketa homofoboak egin dituzte Gasteizko Arantzabela Ikastolan
LGTBI kolektiboa iraindu dute, berdintasunaren, errespetuaren eta askatasunaren alde ikastetxean marraztuta zeukaten horma-irudi batean pintadak eginda.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteizko Arantzabela Ikastolak salatu du pintaketa homofoboak agertu direla ikastetxean, LGTBI kolektiboarenganako errespetua aldarrikatzen duen horma-irudi batean. Gorka Urtaran Arabako hiriburuko alkateak ere salatu du erasoa.
LGTBI kolektiboa iraintzeko egindako pintaketa horiek berdintasunaren, errespetuaren eta askatasunaren alde ikastetxean marraztuta duten horma-irudi batean agertu dira.
Sare sozialen bidez, pertsonen duintasunaren eta lan artistikoaren eta parte-hartzailearen aurka doan ekintza "iraingarria" salatu du ikastolak.
Esan bezala, Urtaranek berak ere sare sozialak erabili ditu gertatutakoa salatzeko.
"Zuekin gaude. Lan bikaina egiten ari zarete Gasteizen genero aniztasuna eta giza eskubideak bermatzeko belaunaldi berrietan. Segi aurrera!", idatzi du.