Gizartea -
pederastia eliza katolikoan
Elizan izandako abusuen ikerketa Herriaren Defendatzaileak zuzentzea proposatu du PSOEk
Angel Gabilondo ikerketa horren buru izateko ez legezko proposamena aurkeztu du talde sozialistak. Unidas Podemos negoziatzeko prest agertu da, eta EAJk ikerketa aditu talde independente baten esku uztearen alde egin du.
Agentziak| EITB MEDIA
Eliza katolikoaren baitan adingabeei egindako sexu abusuak ikertzeko lana Herriaren Defendatzaileak zuzentzea nahi du PSOEk, eta horren aldeko ez legezko proposamena aurkeztu du gaur Kongresuan. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Carmen Calvo diputatu sozialistari eskatu dio proposamen horren defentsa egiteko eta gainerako taldeekin negoziatzeko. Unidas Podemos gobernuko bazkidea hitz egiteko prest azaldu da, eta EAJk ikerketa aditu talde independente baten esku uztearen alde egin du.
Sozialisten proposamenaren arabera, Angel Gabilondo Herriaren defendatzaileak beharko luke ikerketaren buru, erakunde horrek izendatutako adituen talde baten, Elizako kideen eta biktimen ordezkariekin batera.
Gainerako talde parlamentarioek bere eredua babestuko dutelakoan dago PSOE. Dena dela, gogoan hartu behar da Unidas Podemosek, EH Bilduk eta ERCk Kongresuan ikerketa batzorde bat eratzeko proposamena egin zutela, eta EAJk adituen talde independente baten esku uzteko eskatu duela.
Hector Gomez PSOEren bozeramaileak azaldu duenez, euren helburua da ikerketa batzordea "lehenbailehen" martxan jartzea eta legegintzaldia amaitu baino lehen ondorioak mahai gainean edukitzea. Gomezen hitzetan, Unidas Podemosek ondo hartu du euren proposamena. Carmen Calvok Angel Gabilondoren profila goraipatu du zereginerako: etikan katedraduna da eta gaztaroan fraidea izan zen.
Bien bitartean, EAJk beste ez legezko proposamen bat aurkeztu du Kongresuan. Euren asmoa da aditu independente talde batek aztertzea auzia, eta bere ondorioak urtebeteko epean aurkeztea.
Jeltzaleen iritzian, batzorde independentea osatzea da "egokiena", adituak "erakundeetako diatriba politikotik urrun" baitaude, baina azpimarratu dute Kongresuak ere "parte hartze aktiboa" izan behar duela prozesu guztian.