Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Astigarraga, Eskoriatza eta Usurbil dira intzidentzia altuena duten EAEko udalerriak
Intzidentziak behera egiten jarraitzen du hiru lurraldeetan: 2.830ekoa da Araban, 2.671koa Bizkaian eta 3.110ekoa Gipuzkoan.
A. S. | EITB Media
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, baina oraindik altua da, udalerri guztiek gorriz margotuta jarraitzen baitute. Astigarraga, Eskoriatza eta Usurbil dira une honetan gehien zigortutako udalerriak, covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera.
Araban, intzidentziak behera egiten jarraitzen du, eta 3.000tik behera dago, 2.830 kasukoa baita (3.181 kasukoa zen astelehenean). Amurrio da lurraldean intzidentzia handiena duen udalerria, 3.765 kasukoa baitu, eta Gasteizek 100.000 biztanleko 2.821eko intzidentzia du, urtarrilaren 31n 3.200 kasukoa izan ondoren.
Bizkaian, astelehenean 2.915 kasuko intzidentzia izatetik 2.671koa izatera jaitsi da 100.000 biztanleko intzidentzia metatua. Herri handi guztiek 4.000 kasutik beherako intzidentzia dute. Bilbon ere egoerak hobera egin du, eta intzidentzia metatua 2.729koa izatetik 2.510ekoa izatera jaitsi da. Arrigorriaga (3.508) eta Derio (3.668) dira Bizkaiko udalerri astinduenak; Bermeok, berriz, herri handienen artean intzidentzia txikiena izaten jarraitzen du (1.697), gainerakoen oso azpitik.
Gipuzkoa da gaur-gaurkoz lurralde zigortuena, baina behera egin du intzidentziak azken egunotan, 3.372 kasukoa izatetik 3.110 kasukoa izatera. Donostian ere, hobera egin dute datuek, gaur 100.000 biztanleko 3.001 kasu baitaude (3.178 ziren astelehenean). Egun, 4.000 kasutik gorako intzidentia duten hiru udalerri daude: Astigarraga (4.929), Eskoriatza (4.094) eta Usurbil (4.232).
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.