Gizartea -
Bigarren edizioaren balorazioa
Euskaraldia, zabaltzeko gosez eta ahalmenez
2020an egindako bigarren edizioaren gaineko ikerlana aurkeztu dute gaur Siadeco ikerketa elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
N. V. | EITB Media
Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egin zen, eta covid-19aren pandemiak eta berorren ondorioz hartutako neurri murriztaileek (herriz herriko konfinamenduak, batzeko zailtasunak…) markatuta egon zen erdiz erdi.
Zenbakietara jota, 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena, 2018an baino ia % 21 gutxiagok, baina parte-hartzaile horien bostetik batek lehen aldiz eman zuen izena ariketan. Hori da, esate baterako, Siadeco etxeak Euskaraldiaren bigarren edizioari buruz Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat eta Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuarentzat egindako ikerketaren emaitza.
Txostena gaur aurkeztu dute, Bilbon, eta berorren bidez jakin dugu, berbarako, zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua eta gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa dela belarripresten proportzioa.
Lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobizi nabarmen gehiago (parte-hartzaileen % 77,1) izan ziren belarriprestak (% 22,9) baino. Halaber, 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta adin-tarteen arabera, 30-44 urtekoena nagusitu zen.
Hizkuntza eskubideak aldatzeko ariketaren irismenari dagokionez, Euskal Herrian 16 urtetik gora duten eta euskara ulertzeko gai diren pertsonen % 15,1ek eman zuten izena 2020ko Euskaraldian, eta 2018ko edizioan % 19,1ekoa izan zen horien parte-hartzea.
Balorazio "ona"
Ikerketa etxeak bildutako datuen artean, partaideek ontzat jo dute Euskaraldiaren bigarren edizioa, zenbakiak gorabehera. "Covidaren eragina nabarmena izan da: txapak kalean ikustean, giroan, antolaketan, mezua zabaltzean, parte hartzeko aukeretan... Kaleko presentzia asko gutxitu da pandemiaren eraginez, eta bagenekien horrek ariketan bertan ere eragingo zuela", azaldu du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.
Horren ildotik, 2022ko ariketa "ikusgarriago" egin beharra azpimarratu du Amonarrizek. Horretarako, "kalea berreskuratu beharra" azpimarratu du, batetik, eta "identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko lan egingo dela", bestetik.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan, Euskaraldia hel daitekeen unibertso potentzialaren % 15era iritsi da bigarren edizio honetan. Hala ere, "oraindik ere badu hedatzeko aukera, bereziki hiriguneetan kale presentzia handituz".
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak, bestalde, epelaburkeriaren arriskuaz ohartarazi du: "Hizkuntza ohiturak aldatzea epe ertain-luzeko prozesuak dira. Beraz, epe laburreko begiradak alde batera utzi behar ditugu".
Hirugarren Euskaraldia
2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa.