Gizartea -
Heriotza
Pello Zabala hil da
Pello Zabala fraide frantziskotarra asteazken honetan hil da. Osasun arazo larriak zituen eta covid-19ak okertu egin du bere egoera.
EITB MEDIA
Pello Zabala (Amezketa, 1943) fraide frantziskotarra asteazken honetan hil da, covid-19ak lehendik zituen osasun arazo larriak okertu eta gero. 78 urte zituen eta Arantzazuko santutegian bizi zen.
Monje frantziskotarra idazlea, irratiko esataria eta meteorologoa izan zen. Hainbat urtez Euskadi Irratian aritu zen. Hasieran musikari buruzko saio bat gidatzen zuen eta ondoren eguraldiaren iragarpenak ematen zituen, tenporetan oinarrituta.
Halaber, 22 urtez 'Klasikoak gaur' saioa aurkeztu zuen Euskadi Irratian, eta Berria egunkarian ere egin zuen lan.
Horrez gain, Jakin eta Zeruko Argia bezalako aldizkarietan idatzi zuen. Konpositorea eta organista ere izan zen.
Seminarioan irakaslea izan zen, eta euskara, gaztelera, latina eta frantsesa irakasten aritu zen.
Arantzazuko santutegira 10 urte zituela iritsi zen Amezketa jaioterritik, eta 69 urte eman ditu bertan. Hileta-elizkizuna ostegun honetan 17:00etan egingo dute santutegian.
Besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak fraide frantziskotarra goraipatu dute sare sozialetan.
BIDEOA | ETB1eko Ur Handitan saioan egindako elkarrizketa (2019)
BIDEOA | ETB1eko Gure Kasa saioan egindako elkarrizketa (2019)
BIDEOA | Pello Zabala ETB1eko "Martin" telesailean atera zen (2003)