Gizartea -
KORONABIRUSA
25 gela itxi dituzte Euskadin covid kasuengatik
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak "lehenbailehen" eta "ahal den neurrian" eskolaz kanpoko jardueretan pandemiaren aurka indarrean dauden prebentzio-neurriak "malgutzeko" asmoa agertu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren esanetan, "lehenbailehen" eta "ahal den neurrian" malgutuko dituzte eskolaz kanpoko jardueretan pandemiaren aurka indarrean dauden prebentzio-neurriak, baina indarrean dauden murrizketei oraingoz eutsi egingo dietela adierazi du, egoera "larria" baita oraindik. Asteazkenean, 25 ikasgela itxi dituzte Euskadin covid-19a dela eta.
Bildarratz Laudioko La Milagrosa ikastetxean izan da asteazken honetan, zentroaren mendeurrena ospatzen ari baitira bertan, eta komunikabideen aurrean azaldu duenez, intzidentzia beheranzko bidean egon arren, egoerak "oso larria izaten jarraitzen du".
Sailburuaren arabera, koronabirusaren eragina gutxitzen ari da, bai gizartean, baita hezkuntzan ere. Testuinguru horretan, ikastetxeetan egiten ari den lana eskertu du. Dena dela, oraindik goiz dela eta indarrean dagoen protokoloari eutsiko diotela azaldu du.
"Ikus dezagun ia pixkanaka pandemiari aurrea hartzen diogun", esan du sailburuak, eta, zuhurtziaz jokatze aldera, oraingoz eskolaz kanpoko jardueretan egungo prebentzio neurriak mantenduko direla jakinarazi du.
Asmoa, baina, gaur egun jarduera horietan aplikatzen den burbuilen kontzeptua "malgutzea" da; izan ere, ikasle-taldeen arteko elkarreragina mugatzen dute.