Gizartea -

Koronabirusa

Musukoa kanpoaldean erabiltzeko derrigortasuna berriro mahai gainean, Kongresuak onartu eta biharamunean

Diputatuen Kongresuak musukoaren erabilera derrigortzen zuen lege-dekretua berretsi eta egun batera, Osasun Publikoko Batzordeak berriz eztabaidatuko du neurri hori altxatzearen inguruan.

Jendea musukoa jantzita kalean. Artxiboko irudia: EFE
Jendea musukoa jantzita kalean.
Jendea musukoa jantzita kalean. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak oniritzia eman zion, polemikaz inguratuta, musukoa kanpoaldean erabiltzeko derrigortasuna ezartzen zuen lege-dekretuari, eta 24 ordu eta gero, gaia berriro mahai gainean izango du Osasun Publikoko Batzordeak, arratsalde honetan.

Astearteko bilkuran, Espainiako Gobernua babesten duten talde parlamentarioek azaldu zuten ez lege-dekretua ez zutela onartu musukoa erabiltzeko derrigortasunarekin bat datozelako, baizik eta dekretu berean bestelako gaiak ere sartu dituztelako, tartean 2021eko pentsioen balioa handitzeko proposamena.

Izan ere, askok uste dute testuinguru honetan ez duela zentzurik kalean musukoa derrigorrezkoa izatea. Carolina Darias Osasun ministroak berak esan zuen neurria "aldi baterako" soilik izango dela eta "hurbilago" dagoela neurri hori indargabetzeko eguna, seigarren olatuaren kurba gaindituta dago eta.

Madrilek, Galiziak, Gaztela eta Leonek eta Gaztela-Mantxak uste dute neurria ez dela beharrezkoa, eta gaia batzordera eramango dute. Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo Juntako presidente eta PPren hautagaiaren ustez, "bada garaia", beharrezkoak diren txosten teknikoek babestuta, musukoa kanpoaldean erabiltzeari uzten joateko.

Mañuecoren arabera, bere iritzia Gaztela eta Leongo Osasun saileko teknikoek diotenarekin bat dator, eta gaia Lurraldearteko Batzordean eztabaidatzea eskatu du.

Gainera, Osasun Publikoko Batzordeak berrogeialdiak murriztea ere izango du hizpide. Gaztela-Mantxak sintomarik ez dutenentzat berrogeialdiak kentzea eta sintomak dituztenentzat hiru egunekoak bakarrik ezartzea nahi du, Hegoafrikan egin duten bezala, eta Kataluniak ziurtatu du eskoletako berrogeialdiak otsaila baino lehen kenduko dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Maskarak