Gizartea -
JUSTIZIA
Eusko Jaurlaritzak 'Mapfre Eraikina' erosi du Bilboko azpiegitura judiziala handitzeko
Legegintzaldi honen amaieran, Justizia Administrazioak 25.000 metro koadro gehituko dizkie bere azpiegiturei.
I. G. | EITB MEDIA
Bizkaiko hiriburuan ekipamendu judiziala handitzeko, Eusko Jaurlaritzak Ibañez de Bilbao kaleko 28. zenbakiko eraikina, Mapfre Eraikina, erosi duela iragarri du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Erosketa horrekin, EAEko Justizia Administrazioak 19.110 metro koadro irabazi ditu Bizkaiko hiriburuan, eta Bilboko erdigunean bulego judizialak berrantolatzeko prozesuari ekin dio.
Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Carmen Adan Euskadiko fiskal nagusiak lagunduta, eraikin hau "Bilboko Justizia Jauregi berria" izango dela azpimarratu du Justizia Saileko buruak.
Artolazabalek nabarmendu duenez, "gaurko eguna aurrerapen sinboliko bat da bitarteko gehiago, Justizia modernoagoa eta, aldi berean, pertsonen beharretan oinarritutakoa izango den Justizia baten aldeko apustu irmoan". "Bulego judizial berriak zerbitzu eraginkorragoa, pertsonalizatuagoa eta hurbilagoa eskaini ahal izango du", adierazi du.
Eraikina salerosteko akordioa duela hilabete egin zen, eta bertan ezarri zen eraikina entregatzeko azken eguna: 2022ko abenduaren 31. Adostutako prezioa 41 milioi eurokoa da, eta euskal administrazioak agindutako peritu-tasazio batek justifikatu du.
Mapfreko langileek lanean eta telelanean jarraitzen dute eraikinean, enpresaren egoitza izan baita azken 30 urteetan. Mapfre Bizkaiko hiriburuaren beste toki batean kokatuko da hurrengo hilabeteetan, urte bukaera baino lehen, baita eraikin horretan dauden gainerako errentari eta enpresak ere.
Artolazabal sailburuaren hitzetan, eraikina Justizia Administrazioko hainbat organo hartzeko birgaituko dute. Horretarako, 16 milioi euroko inbertsioa egin beharko da, eta 24 hilabeteko epea izango dute obrak egiteko.
Legealdi honetan, Justizia Administrazioak 25.000 metro koadro irabaziko du Bizkaiko hiriburuan; izan ere, 2022. urtea amaitu baino lehen, Henao kaleko 9. zenbakian, Hiri Jabetzaren Ganbera hartu zuen Eusko Jaurlaritzaren eraikinean, beste 5.000 metro koadro birmoldatzeko lanak amaitzea aurreikusita dago. Orain arte, Bilboko hiru epaitegiek 60.000 metro karratu zituzten.
Gainera, beste 700 metro karratu jarriko dira Barroeta Aldamar kaleko kristalezko eraikinean. Eraikin horretako lokalak aurten altzariz hornituko dituzte. Instalazio judizialek, beraz, gune berriak izango dituzte Bilbon gaur egun dauden hiru Justizia Jauregiak arintzeko: Albia Lorategiak, Buenos Aires eta Barroeta Aldamar. Justizia Sailak Bilboko gune judizialen etorkizuneko erabilerak zehaztu ahal izateko, orain Eusko Jaurlaritzaren eta agente judizialen, bereziki epaileen eta fiskaltzaren, arteko kontraste eta ekarpen-prozesu bati ekin zaio, erabilgarri dagoen espazioa optimizatzeko.