Gizartea -
Koronabirusa
Espainiako Gobernuak musukoa kanpoaldean erabiltzeko dekretua berrestea lortu du, kritika askoren artean
EH Bildu, EAJ edo ERC alderdiek gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuaren jarrera, dekretu berean bestelako gaiak sartu dituelako, tartean pentsioen balioa handitzeko proposamena, eta horrek ekimenaren kontrako botoa ematea zaildu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pandemiari aurre egiteko musukoaren erabilera derrigortzen duen lege-dekretua berretsi dute gaur Kongresuan: 162 diputatuk alde bozkatu dute, 153k kontra eta 28 abstenitu dira. Orain, lege-proiektu gisa tramitatuko dute dekretua.
Espainiako Gobernuak bere helburua lortu du, baina oposizioak nahiz Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten taldeek gogor kritikatu dute ekimena; izan ere, dekretu berean bestelako gaiak ere sartu dituzte, tartean 2021eko pentsioen balioa handitzeko proposamena, eta horrek ekimenaren kontrako botoa ematea zaildu du, askok uste baitute testuinguru honetan ez duela zentzurik kalean musukoa derrigorrezkoa izatea.
Araudiaren arabera, sei urtetik gorako pertsona guztiek musukoa erabili beharko dute eremu itxietan nahiz kalean eta garraio publikoan.
Maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango kirola bakarka egiteko, betiere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzen bada bizikideak ez diren pertsonekin.
Gaixotasun jakin batzuk edo arnasketa-arazoak dituzten pertsonak ere salbuetsita egongo dira.
Gobernuaren bazkideek Espainiako Gobernuaren ekimena kritikatu dute, dekretu berean hainbat gai nahasi dituelako. EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedok ziurtatu du ez dutela "xantaia" gehiagorik onartuko.
"Ez dira neurri egokiak seigarren olatuari aurre egiteko. Oinarri zientifikoa duten oinarri eraginkorrak falta dira. Norabidea, mezu argiak eta kontrastatutako neurriak behar dira. Bi urteko pandemiaren ostean, kanpoaldean musukoa derrigortzen bada eta jubilatuta dauden profesionalak lanera bidaltzen badira, argi dago zerbait gaizki dagoela, eta horrek nekea eta haserrea eragiten ditu", azpimarratu du Ruiz de Pinedok.
Bestalde, Carolina Darias Osasun ministroak nabarmendu du musukoaren erabilera kanpoaldean "aldi baterako" soilik izango dela derrigorrezkoa, eta "hurbilago" dagoela neurri hori indargabetzeko eguna.
Beste gaiak
Dekretu horretan, beste hainbat gai jaso dituzte xedapenen bidez. Batetik, pandemiagatik lanera bueltatu diren mediku eta erizain jubilatuei aurtengo pentsioa osorik jasoko dutela bermatu da.
Horrez gain, Osasun Zientzietan titulazioa duten Europar Batasunetik kanpoko adituak aldi baterako kontratatzea ahalbidetu dute.
Horrez gain, pentsioak KPIaren arabera eguneratuko dituzte, eta onuradunek apirilaren 1a baino lehen jasoko dituzte laguntzak.