Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid ziurtagiriaren erabilera luzatzea eta zabaltzea baztertu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

Epaileen ustez, Jaurlaritzak ez du behar bezala arrazoitu pasaportearen eraginkortasuna. Gauerditik indarrik gabe da abenduaren erdian ezarri zen dekretua, beraz, uneotan soilik gaueko aisialdian eta 50 pertsonatik gorako jatetxeetan eska daiteke covid ziurtagiria.

Covid ziurtagiri digitala. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Covid ziurtagiri digitala. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Covid ziurtagiri digitala. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du covid ziurtagiri digitalaren indarraldia beste bi astez luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera. Auzitegiaren arabera, Jaurlaritzak ez du behar bezala arrazoitu kutsatzeak saihesteko pasaporteak duen eraginkortasuna.

Gainera, pandemiaren eragina "nabarmen jaisten ari denean, nekez justifika daiteke espazio berrietara zabaltzea oinarrizko eskubideak murrizten dituen neurri bat". Ondorioz, hoteletan, turismo-ostatuetan eta joko- eta apustu-aretoetan aplikatzea ere ez du onartu.

Epaileen ustez, "neurriaren eraginkortasuna eta beharra ondo arrazoitu behar zituen Jaurlaritzak, egin duena baino motibazio eta ahalegin handiagoarekin". Aurreko eskariaren ia berdina dela ere gaineratu dute, inguruabar berriak egiaztatu gabe egindakoa.

"Hori egin ez denez, neurria luzatzeko baimen judiziala eskatzeak ez du proportzionaltasun-, beharrizan- eta, batez ere, egokitasun-iritzi hirukoitza gainditzen, ez baitu justifikatzen, hain zuzen ere, neurriaren eraginkortasuna, gaur egun, kutsatzeak saihesteko edo nabarmen murrizteko. Ondorioz, eskatutako neurria ezin da baimendu", ziurtatu du auzitegiak.

Gauerditik indarrik gabe da pasa den abenduaren erdian ezarri zen dekretua, beraz, uneotan soilik gaueko aisialdian eta 50 pertsonatik gorako jatetxeetan eska daiteke covid ziurtagiria.

Gobernu osteko bileran izan dute Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Auzitegiaren erabakiaren berria, eta momentuz ez dute baloraziorik egin, ez baitute edukia ezagutzen.

"Daukagun informazioarekin –bat ere ez, whatsApp bat da-, ez gara gai Auzitegiaren erabakia zein den ulertzeko. Beraz, ez dugu ulertzen ez dugun eta ezagutzen ez dugun zerbaiti buruzko baloraziorik egingo. Ebazpenaren edukia ezagutzen dugunean, gure iritzia emango dugu ", gaineratu du Zupiriak.

Atzo, EAEko Fiskaltzak ez zuen begi onez ikusi covid ziurtagiria hotel, ostatu turistiko eta joko-aretoetara zabaltzea; bai, ordea, ostalaritza establezimenduetan, osasun zentro eta ospitaleetan eta kiroldegi eta gimnasioetan covid ziurtagiria eskatzeko aukera otsailaren 13ra arte luzatzea.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari EBko covid ziurtagiri digitalaren indarraldia luzatzeko, otsailaren 1etik 13ra arte, eta hotel eta ostatu turistikoetara zabaltzeko, baita joko-areto eta apustu-etxeetara ere. Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek ostiralean erregistratu zuten baimen-eskaera EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Eusko Jaurlaritzaren irudiko, zirkulazio epidemikoaren intentsitateak eta ospitaleetako oheen okupazio indizeak beharrezko egiten dute osasun publikoa prebenitzeko, eusteko eta kontrolatzeko neurriak ezartzea eta egungo egoerara egokitzea.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aste honetan nabarmendu duenez, covid ziurtagiria ezartzeak hiru puntu igoarazi du "atzeratuen zeuden taldeen" (20-29 urteko eta 30-39 urtekoen artekoak) txertaketa maila. Igoera horrek, sailburuaren ustez, neurria "eraginkorra" dela erakusten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa LABI Osasun larrialdia Covid pasaportea