Gizartea -
KORONABIRUSA
5 urtez azpikoentzako txertoa otsailean egon liteke prest
Pfizerren farmakoa 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei jarri ahal izango diete, eta lehena izango da adin-tarte horrentzako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pfizer eta BioNTech enpresek osatzen duten partzuergoa koronabirusari aurre egiteko 5 urtetik beherakoentzat prestatzen ari den txertoa otsailaren amaieran egon liteke eskuragarri, The Washington Post egunkariak astearte honetan iragarri duenez.
6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei jarri ahalko diete, eta adin-tarte horretakoentzat merkaturatzen den lehena izango da.
Egunkariaren arabera, gaur bertan espero da bi botika enpresek larrialdiko erabilera baimentzeko eskaera aurkeztea AEBko Elikagaien eta Sendagaien Administrazioari (FDA).
Hala ere, azken hilabeteetan, farmazia-partzuergoa hirugarren dosi batekin ere aritu da lanean, erantzun immunologikoa hobetzen saiatze aldera; izan ere, immunizazioari dagokionez, bi dosi jarrita lortutako emaitzak ez ziren guztiz onak izan. Txertoa, baina, segurua dela azpimarratu dute.
Saiakuntzan, 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrek 3 mikrogramoko bi ziztada jaso zituzten hiru asteko aldearekin, helduei emandako dosiaren hamarren bat.