Gizartea -
Trafikoa
Ilarak sortu dira AP-8an, Deban eta Elgoibarren, bi istripurengatik
Istripua izan duten ibilgailuak erretiratu dituzte eta apurka-apurka trafikoa normaltasunera itzuli da.
E. G. - O. A. | EITB Media
Goiz korapilatsua izan da AP-8 errepidean, Deba eta Elgoibar parean hainbat ibilgailuk izandako bi istripurengatik.
Hiru autoren arteko talka izan da goizean AP-8 autobidean, Elgoibar (Gipuzkoa) parean Bilboko noranzkoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, hasiera batean autobidea guztiz itxi behar izan dute, eta bi kilometroko ilarak sortu dira.
Zorionez, ez da inor zauritu.
09:45erako egoera normaltasunera itzuli da.
Ez da, ordea, autobide honetan izandako ezbehar bakarra. Izan ere, bi autok istripua izan dute Itziarko tunelean (Deba, Gipuzkoa) Donostiako noranzkoan. Lau kilometroko pilaketak sortu dira.
Pertsona bat arin zauritu da ezbeharrean, eta Mendaroko ospitalera eraman dute.
Halaber, inguru horretan kamioi batek matxura izan du.
09:10ean erretiratu dituzte istripua izan duten ibilgailuak, eta 09:40an kendu dute matxuratutako kamioia errepidetik. Ordu horretan auto ilarak zeuden, baina pixkanaka-pixkanaka egoera bere onera itzultzea espero dutela esan dute Segurtasun Sailetik.