Gizartea -
koronabirusa
EAEko Auzitegi Nagusiak gaur aztertuko du covid ziurtagiria luzatzeko eta zabaltzeko eskaera
EAEko Fiskaltzak ez du begi onez ikusi covid ziurtagiria hotel, ostatu turistiko eta joko-aretoetara zabaltzea.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari EBko covid ziurtagiri digitalaren indarraldia luzatzeko, otsailaren 1etik 13ra arte, eta hotel eta ostatu turistikoetara zabaltzeko, baita joko-areto eta apustu-etxeetara ere. Auzitegiak gaur aztertuko du eskaera.
EAEko Exekutiboaren zerbitzu juridikoek ostiralean erregistratu zuten baimen-eskaera EAEko Auzitegi Nagusian.
Eusko Jaurlaritzaren irudiko, zirkulazio epidemikoaren intentsitateak eta ospitaleetako oheen okupazio indizeak beharrezko egiten dute osasun publikoa prebenitzeko, eusteko eta kontrolatzeko neurriak ezartzea eta egungo egoerara egokitzea. Horretarako, beharrezkoa da aurreko dekretuko neurriak luzatzea eta covid ziurtagiri digitala eskatzen duten establezimenduen zerrenda zabaltzea.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu duenez, covid ziurtagiria ezartzeak hiru puntu igoarazi du "atzeratuen zeuden taldeen" (20-29 urteko eta 30-39 urtekoen artekoak) txertaketa maila. Igoera horrek, sailburuaren ustez, neurria "eraginkorra" dela erakusten du.
Sagarduik jakinarazi du ziurtagiria ezarri zenetik hiru puntu igo dela gazteriaren txertaketa maila, eta azpimarratu du ez dela halako igoerarik izan aurreko epeetan. "Beste prebentzio neurriekin batera, neurri eraginkorra dela erakutsi du ziurtagiriak". Era berean, argitu du EAEko Auzitegi Nagusiari helarazitako eskaeran hotelak eta joko-aretoak ere aipatzen direla, baina "esplizitu egin" nahi izan dutelako izan da, bi leku horietan "jada eskatzen zutelako", ostalaritza jarduera eskaintzen duten aldetik.
EAEko Fiskaltzak, ostera, baztertu egin du Jaurlaritzaren eskaera, ez baitu begi onez ikusi covid ziurtagiria hotel, ostatu turistiko eta joko-aretoetara zabaltzea. Alabaina, ostalaritza establezimenduetan, osasun zentro eta ospitaleetan eta kiroldegi eta gimnasioetan covid ziurtagiria eskatzeko aukera otsailaren 13ra arte luzatzea onartu du.
Astelehen honetan bidalitako idatzian, Fiskaltzak halamoduz onartu ditu Jaurlaritzaren arrazoibide juridikoak. Hau da, esan bezala, covid ziurtagiriaren erabilera luzatzea onartu du; ez, aldiz, beste sektore batzuetara zabaltzea. Ministerioaren arabera, "aurkeztutako dokumentazioan ez dute ziurtagiri horren beharra arrazoitzen duen inolako datu zehatzik eman".
Hartara, Fiskaltzak uste du oinarrizko eskubideei eragiten dien murrizketa orok "arrazoibide sendoak" behar dituela, alegia, horrelako neurriak ez direla "badaezpadakoak" izan behar.
Halaber, berretsi du Jaurlaritzak ez duela frogatu covid ziurtagiriak hoteletan, ostatu turistikoetan eta joko-aretoetan birusaren hedapena geldiarazten duenik.