Gizartea -
Odol-emaileak
Odola emateko kanpainak aurre egin dio ospitaleen eskaerari, baina oraindik odol-emaileak behar dira
Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak eta Transfusioen Euskal Zentroak gaur amaituko dute kanpaina, 5.000 odol-emateko helburua lortuta. Deiak "eragina izan du". Hala ere, "pandemia konpondu arte ez da konponduko odol-emateen arazoa".
EITB Media
Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak eta Transfusio eta Giza-Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) gaur amaituko dute odola emateko kanpaina, 15 egunetan 5.000 odol-emate lortzeko helburura iritsiz. Donazioek ospitaleetako jardueraren odol-eskariari aurre egitea ahalbidetu du. Halere, "pandemia konpondu arte ez da erabat konponduko odol-emateen arazoa", azaldu du Miguel Angel Vegas TGEEZeko zuzendari teknikoak.
Vegasen hitzetan, "stocka egungo errealitatera egokitzeko" egin da kanpaina. Ohiko transfusioei pandemiagatik atzeratutako kirurgia-operazioak gehitu zaizkie, "odol asko kontsumitzen duten ebakuntzak". Horregatik, bi asteren buruan 5.000 odol-emate jaso nahi izan dituzte, pandemia aurretik hilean ohikoena 7.000-8.000 jasotzea baitzen.
Seigarren olatuko kutsatzeen eta pandemia hasieratik indarrean dauden osasun-neurrien ondorioz, odol-stocka minimoetan dago. Kanpaina aurretik, osasun-sistemak bi-hiru egunetarako erreserbak zituen; aproposena litzateke 10 egunetako stocka izatea gutxienez. Vegaren arabera, kanpainari esker lau egunerako erreserbak dituzte orain: "Gorri ilun batetik laranja ilun batera igaro gara".
Herritarrei eginiko deiak "eragina izan du". Orain, helburua da donazioen erritmoari eustea, "ahal den moduan" ospitaleetako jarduera normalari erantzuteko adina odol izateko.
Kanpaina odola emateko irizpideak aldatu ostean burutu dute; covid-19arekin kutsatu eta 14 egun beharrean, 7 besterik ez dira itxaron behar, konfinamenduko epea, alegia. Izan ere, kutsatzea "ez dago transfusioei lotuta"; beraz, edonork eman dezake odola edozein unetan.