Gizartea -
gazte koordinadora sozialista
Milaka gazte atera dira kalera Bilbon eta Iruñean, "burgesiaren diktadura" salatzeko
Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, milaka pertsonak manifestazioa egin dute Estatu "sozialista" baten alde eta gazteen egoera ekonomikoa salatzeko.
eitb media
Milaka gaztek Bilboko eta Iruñeko kaleak bete dituzte larunbat honetan, Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, "burgesiaren diktadura" eta gazteen egoera ekonomikoa salatzeko, eta Estatu "sozialista" baten alde.
Bizkaiko hiriburuan, 18:00ak aldera abiatu da martxa Jesus Bihotzen plazatik, 'Ofentsiba ekonomiko eta politikoaren aurrean, gazte langileok borrokara' zioen pankartaren atzean. Langile borrokaren eta "iraultza sozialistaren" aldeko oihuak entzun dira, besteak beste.
Confebask patronalaren egoitza parean, parte-hartzaileetako bat fatxadara igo da eta protestaren leloa idatzita zeraman bandera eskegi du bertan, Estatu "sozialista" baten eskean.
Martxak Kale Nagusian barrena egindako ibilbidean zehar, kartelak itsatsi dituzte hurrengo testuarekin: "Mobilizatu zaitez gazteon pobretzearen aurka. Konponbidea ez dago Parlamentuan daudenen esku".
Pandemiaren kudeaketa eta "kontrol soziala"
Euskadi Irratian aste honetan egindako elkarrizketan, Unai Martinez GKSko kideak azaldu du erakundeek gazteen pobretzeari eta pandemiari aurre egiteko emandako "erantzun autoritarioa" salatzea dela mobilizazioen helburua.
Horren hitzetan, "azken urteotan normalizatu eta areagotu egin dira kontrol soziala eta gazteen kriminalizazioa", eta horri aurre egiteko, "enpresarien eta politikarien eraginpetik kanpo antolatu eta mobilizatu behar da".
Halaber, covid-19aren pandemiak "kontrol soziala" areagotu besterik ez duela egin uste du Martinezek, irtenbide sanitarioa eman ordez, "aterabide polizial eta autoritarioa" eman zaiolako osasun krisiari. Hori dela eta, GKSk ezinbestekotzat du "antolakuntza independente indartsua eratzea", eta "jazarpenari erantzun sendo bat" ematea kalean mobilizazioen bidez.