Gizartea -
Migrazioaren drama
'Aita Mari'k 176 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan
Konkretuki, 18 emakume, 116 gizon eta 42 adingabe lagundu ditu euskal ontziak.
Agentziak | EiTB Media
SMH gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak 105 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneo itsasoan, "egoera prekario eta etsigarrian" zeudelako, erakundeak gaur jakitera eman duenez.
"Aita Mari-k 105 pertsona erreskatatu ditu egoera prekario eta etsigarrian. 17 emakume, 63 gizon, 9 haur eta 16 adingabe dira. Guztiak onik daude", idatzi du gobernuz kanpoko erakundeak sare sozialetan, bigarren erreskate abisu bat jaso baino lehen. Bigarren erreskate horretan beste 71 pertsona ontziratu dituzte. Honenbestez, 176 pertsona daude euskal ontzian, 18 emakume, 116 gizon eta 42 adingabe.
Iragan asteartean 263 pertsona zeramatzan beste ontzi bat aurkitzen lagundu zuen euskal erreskate ontziak. Italiako kostazainek erreskatatu eta Lampedusa uhartean lehorreratu zituzten. Hala ere, zazpi pertsona etorkin hilik zeuden dagoeneko. Antza denez, hipotermiak jota hil ziren.
Bestalde, Geo Barents Mugarik Gabeko Medikuen ontziak 439 pertsona migratzaile zeramatzan, eta Augustako (Sizilia, Italiako hegoaldea) portuan lehorreratzeko baimena jaso du gaur.
Zortzi eguneko itxaronaldiaren ostean, eta Italia zein Maltari eskaera ugari egin ondoren, azkenean, Italiako agintariek Augustako portua eskaini dute migratzaileak lehorreratu ahal izateko, tartean 112 adingabe, 9 emakume eta 3 haur, txikiena urtebete eskasekoa, MSFk jakitera eman duenez.
Aurten 2.051 migratzaile heldu dira Italiara; iaz epe berdinean 872 pertsona iritsi ziren, bertako Barne Ministerioaren arabera.