Gizartea -
naizen sariak
Naizen elkarteak osasun-sailburuordea, Aitzole Araneta sexologoa eta Ekai Lersundiren gurasoak sarituko ditu
Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak ekitaldia egingo du larunbat honetan Gasteizen, haurren eta gazteen transexualitatearen alde lan egiten duten pertsonei esker ona adierazteko. Sari-banaketa egiteaz gain, 'Ipuinetan ez bezala' abestia eta bideoklipa ere estreinatuko dituzte.
agentziak | eitb media
Jose Luis Quintas osasun-sailburuordeak, Aitzole Araneta sexologo eta aktibistak eta Ekai Lersundiren gurasoek Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartearen sariak jasoko dituzte larunbat honetan, Gasteizen. 'Ipuinetan ez bezala' abestia eta bideoklipa ere aurkeztuko dituzte ekitaldian.
'Ikusten gaituzuela ikusi nahi dugu' izenburupean, ekitaldia eguerdian hasiko da Gasteizko Europa Jauregian, eta bertan izango dira egun Naizen osatzen duten 250 familietako asko, erakundeetako ordezkariekin eta azken urteotan elkartearen aldean izan diren profesional eta aktibistekin batera. Sarbidea askea izango da aretoan, edukiera bete arte.
Topaketan 'Ipuinetan ez bezala' abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte zuzenean, Aingeru Mayor, Ekaitz Goikoetxea eta Xabier Crehuet sortzaileen eskutik. Naizen elkarteko gurasoek 'Tránsitos, comprender la transexualidad infantil a través de los relatos de madres y padres' liburuan kontatutako bizipenetan oinarritu ziren, horiek sortzeko.
Ekitaldian Naizen Sariak banatuko dituzte, esker ona adierazteko "esparru desberdinetatik haurren eta gazteen transexualitatearen aldeko lan beharrezkoa eta txalogarria egiten ari diren pertsonei".
Naizenek Jose Luis Quintas osasun-sailburuordea sarituko du, "Osasun zerbitzuekin egiten duen mezulari lanean azaldutako entzute eta ulermenagatik, zubiak eraikitzeko azaldutako konpromiso pertsonalagatik eta transexualitate egoeran dauden pertsonentzako kalitatezko osasun-arreta baterantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko apustu irmoagatik".
Aitzole Araneta sexologo, berdintasun-teknikari eta pertsona transexualen aldeko ekintzaileak ere jasoko du golardoa; elkartearen arabera, "Naizeneko pertsona askorentzat bizitza duin baten adibidea izateagatik eta haren babesa, laguntza eta maitasuna beti luzatu izanagatik".
Hirugarren omenaldia Ana Martinez eta Elaxar Lersundiri egingo diete, Ekai Lersundiren gurasoei; tratamendu hormonalaren zain zegoela bere buruaz beste egin zuen ume trans, aktibista eta LGTBI+ mugimenduko erreferente izan zena. Sarituko dituzte "sufrimendurik handiena, Ekai semearen heriotza, argi eta gida bilakatzeagatik, eta pertsona transexualen alde azaldutako indar, adore, irmotasun eta jarraitutasunagatik".