Gizartea -
LAN-HERIOTZA
Langile bat hil da Irunen eraikin bateko hirugarren solairutik erorita
45 behargina behean zeuden lankide batzuen gainera erori da eta horietako bat ari zauritu da. Hildako langileak egun bakarra zeraman enpresan lanean.
EITB MEDIA
45 urteko langile bat hil da asteazken honetan Irunen, obretan zegoen eraikin bateko hirugarren solairutik erorita, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hildakoak egun bakarreko antzinatasuna zuen enpresan, hau da, egun bat soilik egin du lanean.
Ezbeharra 11:00ak inguruan gertatu da Arbes auzoko eraikin batean. Behargina berehala zendu da, hartutako kolpearen ondorioz. Construcciones Arixu enpresako langilea zen.
LAB sindikatuak ohar batean azaldu duenez, hirugarren solairutik jausi da eta kalean zeuden zenbait lankideren gainera erori da. Horietako batek besoan zauri arinak dituela zehaztu dute.
Sindikatuak salatu du urtea hasi zenetik egun batzuk baino ez direla igaro eta dagoeneko bost langile hil direla Euskal Herrian.
Gertatutakoa argitu dezatela eta "altuerako lanetarako prebentzio plan zehatz bat" lantzeko eskatu die LABek erakundeei, eraikuntza sektorean ematen diren ezbeharrak amaitzeko.
Halaber, gaurko lan-istripua salatzeko eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak exijitzeko datozen orduetan izan daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.
UGTk elkarretaratzea deitu du ostegunerako 11:00etan, sindikatuaren Bilboko egoitza aurrean. Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusiak eta Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak parte hartuko dute.
"Lan istripu gehiagorik ez" lelopean, beharginek bizitza lanpostuan galtzea "onartezina" dela salatuko du sindikatuak.