Gizartea -

Epaiketa Gipuzkoan

Beasainen bortxatutako emakumearen lankideak: "Lur jota eta aurpegia txikituta topatu genuen"

2019ko uztailaren 13an, Beasainen izandako bortxaketa argitzeko epaiketaren bigarren saioan, biktimaren lankideek deklaratu dute. Akusatuak erruduna zela aitortu zuen lehen saioan.

Beasaingo bortxaketa argitzeko epaiketaren saio bat. Argazkia: EFE
Beasaingo bortxaketa argitzeko epaiketaren saio bat. Argazkia: EFE
Beasaingo bortxaketa argitzeko epaiketaren saio bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko uztailaren 13an Beasainen izandako bortxaketa argitzeko epaiketaren bigarren saioan, biktimaren lankideek deklaratu dute. "Lur jota zegoen, oinutsik, eta aurpegia txikituta zeukan", adierazi du haren nagusiak, neska nola topatu zuten azaldu duenean.  

Epaiketa atzo abiatu zen, eta akusatuak erruduna dela aitortu zuen. 24 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute harentzat. Horrez gain, 2012 eta 2019. urteen bitartean, Gipuzkoako beste zeinbait udalerritan hainbat sexu-eraso egiteagatik auzipetuta dago.   

Biktimak okindegi batean egiten zuen lan. 02:30-03:00ak aldera sartzen zen egunero, inoiz ez zuen huts egin. Horregatik, lanera garaiz joan ez zela ikusita, 03:15ean sakelako telefonora deitu zioten hainbat aldiz.  

Telefonoa hartu zuenean, gertatu zitzaiona kontatu zien hala moduz. Lankideek okindegiko jabea ohartarazi zuten, eta haren etxera joan ziren denak.

Akusatuak etxeko atarian egin zion eraso. Kloroformoz bustitako trapu bat aurpegian jarrita, neskak konortea galtzea eragin zuen. Etxean sartu eta bortxatu egin zuen.  

Biktimak atzo azaldu zuenez, konortea nolabait berreskuratu zuenean jabetu zen mugikorra joka zuela. Telefonoa hartu eta laguntza eskatu zuen.

Okindegiko arduraduna eta hiru langile bertaratu ziren. Biktima "pasilloan eserita, oinutsik, aurpegia txikituta" (kloroformoak erredurak eragin zizkion) eta "lur jota" topatu zutela kontatu dute.

Lankide batek nabarmendu du negarrez zegoela, botaka egin zuela hainbat aldiz eta "zergatik" egin zioten hori galdetzen zuela behin eta berriro.

Etxean odol arrastoak, zapatilak eta bestelako objektuak botata ikusi zituztela erantsi dute.

Erasoa gainditu ez duela, gaizki jarraitzen duela eta oraindik lanera bueltatu ez dela adierazi dute. "Izaera handiko emakumea zen, baina orain izututa bizi da", gaineratu dute.  

Epaiketaren hirugarren saioa asteazkenean egingo dute, eta hainbat adituk eta ikerketan parte hartu zuten Ertzaintzako agenteek deklaratuko dute.

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Beasain Albisteak Matxismoa Goierriko albisteak