Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Sopelan, kontratatu berri zuen etxekoandre bati sexu-erasoa egitea egotzita
71 urteko atxilotua epailearen esku utzi dute eguerdian, eta deklaratu ondoren libre karguekin geratu da. Era berean, urruntzeko agindua ezarri diote.
Agentziak | EiTB Media
Ertzaintzak 71 urteko gizon bat atxilotu du goizaldean, Sopelan (Bizkaia), sexu-askatasunaren aurkako delitua leporatuta. Konkretuki, kontratatu berri zuen etxekoandre bati sexu-erasoa egitea egotzi diote, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Atxilotua epailearen esku utzi dute eguerdian, eta deklaratu ondoren libre karguekin geratu da. Era berean, urruntzeko agindua ezarri diote.
Biktimak Ertzaintzaren aurrean salaketa aurkeztu zuen iragan astelehenean. Sexu-eraso baten biktima izan dela ziurtatu zuen.
Antza denez, biktima orain dela gutxi etxekoandre gisa lanean hasi zen Sopelako etxebizitza batean. Kontratatu zuen gizonak sexu-erasoa egin zion astelehenean, etxean lanean ari zenean.
Getxoko ertzain-etxean, gertakarien berri izan ondoren, ikerbidea abiatu zuten, delituaren ustezko egilea identifikatzeko. Goizaldean atxilotu dute Sopelan bertan.