Gizartea -
Gipuzkoako Auzitegia
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa nagusia martxoaren 7an hasi eta apirilaren 7an bukatuko da
Ahozko saioekin bederatzi urteko ikerketa judizialari amaiera emango diote, instrukzioa 2013an abiatu baitzen. Epaiketak bost asteko iraupena izango du. Saioak astelehenetik ostegunera izango dira.
Agentziak | EITB Media
Kote Cabezudoren kontrako epaiketa nagusia martxoaren 7an hasi eta hilabete bat beranduago, apirilaren 7an, bukatuko da Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Dozenaka biktimak, lekukok eta adituk agerraldia egingo dute 20 saiotan.
Fiskaltzak argazkilari donostiarrari 121 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du, sexu, haur pornografia, iruzurra eta osotasun moralaren aurkako 32 delitu egotzita. Delituek ustez 16 modelo biktima izan zituzten 1992 eta 2013 artean.
Mario Diez abokatuak, 17 emakume ordezkatuz (beste lauren kasuak preskribatu dira), zuzendutako akusazio partikularrak, aldiz, 2.338 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du; izan ere, Cabezudori leporatzen dizkion delitu ugarien artean, 152 sexu-abusu penetrazioarekin planteatu ditu.
Era berean, abokatuak 1.715.000 euroko kalte-ordainak eskatu ditu. Ministerio Publikoak, ostera, milioi bateko kalte-ordaina proposatu du.
Bederatzi urteko ikerketa judiziala
Ahozko saioekin bederatzi urteko ikerketa judizialari amaiera emango diote, instrukzioa 2013an abiatu baitzen. Prozesu luzean zehar sumario nagusitik auzi txikiago ugari banandu dituzte.
Horietako batzuk epaitu dituzte dagoeneko, eta are gehiago, zigor irmoak ezarri dizkiote auzipetuari justizia oztopatu, epaitegietan agiri faltsuak aurkeztu eta desobedientziagatik. Hala ere, oraindik beste bi auzi epaitu behar dituzte.
Lau urteko behin-behineko espetxealdia
Auzi nagusiak 40 liburuki eta ia 15.000 orrialde ditu. Argazkilariak aurki lau urteko behin-behineko espetxealdia beteko du, legeak baimendutako muga. 2018ko maiatzaren 4an Martuteneko espetxera bidali zuten, eta bi urte geroago espetxealdia luzatu zioten.
Gipuzkoako Auzitegiak ihes egiteko arriskua saihesteko hartu zuen neurria orduan. Gainera, auzipetua aske egon zen bitartean, " ez zuen, dirudienez, irudiak zabaltzeari uzteko eskaera judiziala bete", nahiz eta biktimen "intimitate eskubidea urratu".
Epaiketak bost asteko iraupena izango du, eta saioak astelehenetik ostegunera izango dira.
Aurreneko hiru egunetan akusatuak deklaratuko du; ondoren biktimek eta aldeek proposatutako lekukoek testigantza emango dute, baita aditu ezberdinek ere.