Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetza ebakuntzak egiten hasi da berriro
Zenbait ospitaletan goizeko txandako kirurgiak berreskuratu dituzte, eta egoerak hobera egiten jarraitzen badu, arratsaldekoak ere egingo dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan jakinarazi duenez, Osakidetzako "zenbait ospitale nagusik" goizeko "jarduera kirurgikoaren % 80-100 inguru" berreskuratu dute. Halaber, operazioei arratsaldez berriro ekitea espero du, covid-aren pandemiaren "bilakaera onak" jarraitzen badu.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Sagarduik azaldu duenez, bi dira arrazoi nagusiak: Batetik, Gabonetako oporren ostean langileak lanera itzuli dira eta antolakuntza neurriak medio, langile gehiago dago ebakuntza-geletarako. Bestetik, pandemiaren joera-aldaketak ere eragin zuzena izan du, sailburuaren esanetan.
Ildo horretan, intzidentzia metatuaren jaitsiera eta ospitaleratze berrien eta zainketa intentsiboetako unitateen gaixo kopuruaren gutxitzea aipatu ditu. Hala ere, Sagarduik ohartarazi du kutsatze, ospitaleratze eta hildako asko daudela oraindik; izan ere, azken astean 200 pertsona inguru hil dira koronabirusak jota.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 4.289tik 3.993ra jaitsi da Euskadin azken orduetan, Osasun sailburuak azaldu duenez. Hala ere, 5.412 positibo berri atzeman dira egindako 13.507 proba diagnostikotan (7.695 igandean). Bestalde, R0 indizeak eta tasen arrazoiak, 1etik behera egon arren, gora egiten jarraitzen dute.
Datu horien aurrean, Sagarduik adierazi du "joera aldaketa" bat dagoela, baina zuhurtziaz jokatu behar dela; izan ere, "aurreikuspenak eta konparazioak gorabehera, motel doa jaitsiera" eta "kutsatze asko izaten jarraitzen du".