Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid ziurtagiria dutenek murrizketarik gabe bidaiatu ahalko dute EBn
Hala adostu dute Europar Batasuna osatzen duten herrialdeek astearte honetan. Hala ere, aldaketak ez dira lotesleak. Hala, gutxienez hamar herrialde, Frantzia, Italia edo Alemania, gomendioetatik urrundu dira eta bidaiariei murrizketa gehigarriak ezarriko dizkiete.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Europar Batasuna osatzen duten herrialdeek ikuspegi aldaketa bat adostu dute astearte honetan, beste estatu kide batetik datozen bidaiariei koronabirusa atzemateko proba bat edo berrogeialdi bat ezartzeko orduan. Proba hori, aurrerantzean, norberaren covid ziurtagirian oinarrituko da, eta ez jatorrizko herrialdearen egoera pandemikoan. Aldaketa otsailaren 1ean sartuko da indarrean.
Herrialdeek EBn dituzten enbaxadoreek argi berdea eman zioten joan den ostiralean Europako Batzordearen gomendioari. Bi dira EBrentzako arrazoiak; batetik, txertaketan izandako gorakada esanguratsua, eta, bestetik, covid ziurtagiria aplikatzerako orduan, azkartasuna.
Horrela, covid ziurtagiriarekin bidaiatzen duenek, baldin eta ziurtagiri horrek egiaztatzen badu txertoaren pauta osoa dutela, gaixotasuna duela gutxi pasa dutela edo bidaiatu aurretik test negatibo bat egin dutela, estatu kide diren herrialdeetara joan ahal izango dira, bestelako murrizketarik gabe. Ondorioz, helmugara iristean ez dute berrogeialdirik edo proba diagnostiko gehigarririk egin beharko.
Aldaketaok, baina, ez direla lotesleak, gomendioak baizik. Beraz, mantendu egiten da semaforoaren mapan arrisku handikotzat jotzen diren kolore gorri iluneko eremuetatik datozen bidaiariei neurri gehigarriak ezartzeko aukera.
Ingurumari horretan, jada hamar bat herrialde gomendio horietatik aldendu dira, eta murrizketa gehigarriak ezartzen jarraituko dute beren lurraldera bidaiatzen duten bidaiariei, ziurtagiria gorabehera. Horien artean daude, esaterako, Frantzia, Italia, Portugal, Alemania edo Herbehereak.
Txertaketa-ziurtagiriaren baliozkotasunaren kasuan ere, badira Europako Batzordeak ezarritako epeari muzin egin eta balio-epea murriztu duten herrialdeak ere. Joan den abenduan covid ziurtagiriaren balioa bederatzi hilabetera mugatzea adostu zuten, dosi gehigarririk gabe.