Gizartea -
Koronabirusa
Ostalariei eta gaueko aisialdiari zuzendutako 22 milioi euroko laguntzak iragarri ditu Jaurlaritzak
"Dirulaguntza horrek helburu du ostalarien jardunari eustea, baita enplegua sustatzea ere", esan du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak.
EITB Media
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak agerraldia egin du astearte honetan, Gobernu Kontseiluaren ostean, ostalariei eta gaueko aisialdiari zuzendutako 22 milioi euroko dirulaguntzak iragartzeko.
Hurtadok azaldu du orain arte ostalaritza sektoreak 100 milioi euroko laguntzak jaso dituela Euskal Autonomia Erkidegoan. Pandemia hasi zenean, 15 milioi euroko laguntzak onartu zituzten; geroago, ostalaritzak 30 milioi euroko laguntzak jaso zituen; aurrerago, gaueko aisialdia 8 milioi eurorekin laguntzea adostu zuten; eta, azkenik, Espainiako Ekonomia eta Ogasun Departamentuak 45 milioi euroko dirulaguntzak bideratu zituen ostalaritzara.
"Beti babestu izan dugu sektorea, pandemiak gogor jo duelako", nabarmendu du Merkataritza sailburuak.
Abenduaren 28an hartutako neurri berriek ekonomian izandako eraginaren jakitun, beharrezkotzat jo dute dirulaguntza programa berri bat onartzea, taberna eta jatetxeetako langile autonomoei laguntzeko.
Lehenik eta behin, "laguntza horiek etengabeko hobekuntza prozesu baten fruitu dira. Horregatik, sektore horretako profesionalekin eta haiek egindako ekarpenekin laguntza arinak eta bidezkoak zehaztu ditugu", esan du Hurtadok.
Bigarrenik, "laguntza orekatuak nahi genituen, jakin badakigulako establezimendu guztietan murrizketek ez dituztela ondorio berdinak izan. Horregatik, hiru talde bereizi ditugu", zehaztu du.
Eta azkenik, "enplegua ardatz nagusitzat hartu dugu, beti bezala. Hori dela eta, berrikuntzak dakartza dirulaguntza programa berri honek. Kasu honetan, kontuan izango dugu establezimendu bakoitzak duen langile kopurua", erantsi du. Hori horrela, 22 milioi euroko laguntzak hiru taldetan sailkatu dituzte:
-2. taldeko establezimenduak, 01:00etan ixteko baimena dutenak (kontzertuetarako aretoak eta 1. eta 3. taldeetan sartzen ez diren tabernak).
-3. taldeko establezimenduak, 02:30ean ixteko baimena dutenak (taberna "bereziak").
-4. taldeko establezimenduak, 04:30ean ixteko baimena dutenak (dantzalekuak, besteak beste).
Hartara, 2. taldeko establezimenduak 11 azpitaldetan banatu, eta horientzat 2.000 eta 6.000 euro bitarteko dirulaguntzak adostu dituzte. 3. taldeko establezimenduak, berriz, lau azpitaldetan sailkatu dituzte, eta 6.000 eta 25.000 euro bitarteko laguntzak emango dizkiete. Bukatzeko, 4. taldeko establezimenduek 10.000 eta 70.000 euro bitartean jasoko dituzte.