Gizartea -

Koronabirusa

EBk proposatu du bidaiariei ezartzen zaizkien neurriak egoera pertsonalean oinarritzea, ez jatorrian

Hori horrela, covid-19aren ziurtagiria soilik eskatu beharko litzateke EBko estatuen artean mugitzeko, eta ez litzateke aparteko neurririk hartuko jatorrizko herrialdeko pandemiaren egoeraren arabera.

Bidaiariak. Argazkia: Efe
Bidaiariak. Argazkia: Efe
Bidaiariak. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko herrialdeek ikuspegi aldaketa bat adostu zuten ostiral honetan, beste estatu kide batetik datozen bidaiariei koronabirusa atzemateko proba bat edo berrogeialdi bat ezartzeko orduan. Proba hori, aurrerantzean, pertsonaren osasun-egoeran oinarrituko da, eta ez jatorrizko herrialdearen egoera pandemikoan.

EBko enbaxadoreek argi berdea eman zioten, "aldaketa txiki batzuekin", Europako Batzordeak egindako proposamenari, eta litekeena da astearteko Gai Orokorren Kontseiluan ematea behin betiko onarpena, EBko iturrietatik jakinarazi dutenez.

Bruselak azaroan proposatu zuen EB barruko bidaiarientzako ikuspegi berria, "pertsonetan oinarritua", eta bereziki covid ziurtagiri digitala dutenengan, jatorrizko herrialdearen egoera epidemiologikoan izan beharrean.

Ziurtagiri horrek txertaketa ibilbide osoa egina izatea, gaixotasuna gainditu izana, edo test negatibo bat edukitzea bermatzen du.

Hala, covid ziurtagiria duten pertsonek ez lukete aurrerantzean "murrizketa gehigarririk izan behar, covid probak edo berrogeialdiak, eta soilik agiri hori ez dutenei egingo zaizkie".

Dena den, "gorri ilun" koloreko herrialdeetatik, hau da, Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Europako Zentroaren koloreen mapan arrisku altuan daudenetatik, iritsitakoei neurri gehigarriak jartzeko aukera izango lukete estatuek.

Bestalde, "larrialdiko galga"ri eustea adostu zuten, egoera larriak edo aldaera kezkagarriak agertuko balira murrizketak egin ahal izateko.

Adostutako proposamena aholku bat besterik ez da izango, eta ez da loteslea estatu kideentzat.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa