Gizartea -
turismoa
Euskadik pandemia aurretik zituen turisten % 68 bakarrik berreskuratu du
Euskal turismoaren zifrek hobera egin dute 2020koen aldean, baina ez dute oraindik koronabirusaren aurreko maila berdindu. Eustaten arabera, 2.172.927 pertsonak bisitatu zuten Euskadi 2021ean, aurreko urtean baino % 75,5 gehiago.
agentziak | eitb media
Euskal turismoak 2020ko datuak hobetu zituen 2021ean (turista kopurua % 75,5 hazi zen, eta gau-igarotzeak, berriz, % 73,4), baina pandemia aurreko zifretatik urrun jarraitzen du. Izan ere, 2019aren aldean, bisitarien % 68,2 bakarrik berreskuratu du, eta hoteletako gau-igarotzeen % 66,7.
Ostiral honetan Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) igorritako datuen arabera, 2.172.927 pertsonak bisitatu zuten Euskadi 2021ean, aurreko urtean baino % 75,5 gehiagok, baina 2019an baino 1.269.040 pertsona gutxiagok.
Hoteletako gau-igarotzeekin ere antzeko zerbait gertatzen da: 2021ean zenbatutako 4.178.716ek % 73,4ko hazkundea suposatzen dute aurreko urtearekiko, baina covid-19ak eragindako pandemia aurrekoak baino 2.843.222 gutxiago dira.
2021ean Euskadik jaso zituen turista gehienak jatorri nazionalekoak ziren, 1.536.425 pertsona, hain zuzen (2020an baino % 75,4 gehiago). Gainerako 636.425 pertsonak, berriz, atzerritik zetozen (+%75,9).
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak gogorarazi duenez, urteko balantzeari gehitu beharko zaizkio landa-turismo, aterpetxe eta kanpinetako datuak, eta adierazi du 2021 "pixkanakako suspertzearen urtea" izan dela Euskadirentzat.
"Milioi bat turistatik gora berreskuratu ditugu 2020ari dagokionez, eta bigarren seihilabeteko goranzko joera abendura arte mantendu da", azaldu du. "% 200ean gainditu du 2020koa, eta 2019ko zifretara hurbildu da".
Lurraldeka, Gipuzkoa izan zen aurreko urtearen parean 2021ean gutxien hazi zena: turisten sarrerak % 68 hazi ziren, eta gau-igarotzeak, % 69,4. Arabak izan zuen goranzko jarrerarik onena, % 83,1koa eta % 80,3koa, hurrenez hurren. Jarraian, Bizkaiak % 80,6ko eta % 75,1eko igoerak izan zituen. Bilakaera parekoa izan da hiriburuetan.