Gizartea -
erreportajea
Gozamena eta arriskua elkarri begira, mendi gailurretan
2022ko lehen hiru asteek lau hildako utzi dituzte euskal mendietan. Hego Euskal Herrian zaletasun honen gorakada izan da azkenaldian eta, horrekin batera, istripuak eta mendi-erreskateak ere hazi egin dira.
itxaso leon kareaga | eitb media
Urtarrilaren 6an, Errege egunean, izan genuen 2022ko lehen mendiko istripu hilgarriaren berri, Azpeitiko (Gipuzkoa) Erlo mendian konortea galdu eta gero gizon bat hil zenean.
Ezbeharraren aurretik eta ostean ere dozenaka bilaketa eta erreskate izan dira Hego Euskal Herri osoan zehar, baita euskal geografiatik at bertako mendizaleei gertatutakoak ere; Huescako Pirinioetan berriki hildako Berasategiko gaztearen kasua da, besteak beste.
Azken istripu hilgarria asteazkenean izan zen, urtarrilaren 19an: igandean Belaguan (Nafarroa) erraketekin txangoa egiten ari zela istripua izan zuen gizona hil zen orduan. Hala, Zizurkilen (Gipuzkoa) baso bide batean hildako txirrindulariari eta Balerdiko (Nafarroa) mendian amilduta hildako Berrobiko gizonari batu zitzaien. Urtarrilaren 15ean eta 16an gertatu ziren aurrekoak, hurrenez hurren.
2021eko balantzea, Hego Euskal Herrian
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eskainitako datuen arabera, 620 mendiko jarduketa izan ziren guztira 2021ean, bilaketa eta erreskateak batuta. Azken horiek Bizkaian nagusitu ziren (277), Gipuzkoan jarraian (196), Arabako mendietan izandako salbamenduekin amaitzeko (99).
Bestalde, Nafarroako Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldetik (ETT) adierazi dutenez, Nafarroan bederatzi hildako pertsona artatu zituzten. Edonola ere, horietako bi bakarrik ari ziren unean mendiko jarduera bat egiten. Era berean, oroitarazi dute eremurik ohikoena Beriain mendia dela, Ihurbiainen.
"Normaltasun berrian" ohiko bilakatu den jarduera
Iñaki Garai Euskal Mendizale Federazioko segurtasun arduradunak duela urtebete ETBn adierazi zuenez, mendizale komunitatearen hazkundearen atzean pandemia egon liteke, batik bat. Une horretan azpimarratu zuen ez dela nahikoa federatzearekin, eta "mendira joaten ikasi" behar dugula.
Zigor Egia aipatu federazioko presidenteak ere azpimarratu zuen aurreko udan, erreskate ugarien aurrean, mendira maiz joateko beharrezkoa dela ondo prestatzea: "zenbat eta trebatuago egon, orduan eta seguruago egongo gara".
Duela gutxiago, asteburuan hildako bi gipuzkoarren harira Radio Euskadiko Boulevard saioan eskainitako elkarrizketa batean, Egiak bost jarraibide luzatu zituen, mendira joan aurretik kontuan hartzekoak:
- Ibilbidea prestatzea
- Eguraldia kontsultatzea
- Materiala prestatzea
- Geure burua ezagutzea, aski prest gauden jakiteko
- Nora goazen eta jarraituko dugun ibilbidea norbaiti ezagutaraztea
Izotzaldi arriskua asteburu honetarako
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du ostiral gauetik larunbat goizera arte, barnealdean izotza egingo duelako, Araban bereziki. Hori dela eta, Ertzaintzaren mendiko sekzioak ardura eskatu du.
Bestalde, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Erreskate Teknikoko Taldeak (ETT) Nafarroako Pirinioetako mendietan astebururako aurreikusita dagoen egoera meteorologikoaren arriskuaz ohartarazi du, antizikloiak eta tenperatura baxuek eragindako neguko baldintza txarrak direla eta, izotza barne.