Gizartea -
Festa eta desfilea
Donostiako Udalak proposatu du kaldereroak eta inudeak eta artzaiak otsailaren 19ra eta 20ra atzeratzea
Kultura zinegotzi Jon Insaustik adierazi du, helburua dela "bi jaiak egitea ahalik eta egoera onenean". Donostiako Festakek uste du, bi jaiak bi astez atzeratzen badira, eta inauteriak baino lehen egiten badira, "positiboa" izan daitekeela.
EiTB Media
San Sebastian jaiaren ondoren, Donostiako Udalak kaldereroen eta inude eta artzaien jaiak prestatzeari ekin dio. Udalak eta Donostiako Festakek jaiekin aurrera egitea erabaki dute, baina konpartsa ezberdinei proposatu diete bi aste atzeratzea, hain zuzen ere, otsailaren 19 eta 20ra, tokiko erakundeak ohar batean jakitera eman duenez.
Kultura zinegotzi Jon Insaustik adierazi du, helburua dela "bi jaiak egitea ahalik eta egoera onenean". Horiek horrela, Donostiako Festakek uste du, bi jaiak bi astez atzeratzen badira, eta inauteriak baino lehen egiten badira, "positiboa" izan daitekeela.
Horrenbestez, kaldereroak otsailaren 19an, larunbatean, egingo lirateke, goizez edo arratsaldez, eta beti, 21:30 baino lehen amaituta. Desfile ezberdinek ordu eta erdi eta bi ordu arteko iraupena izango lukete, ez litzateke "kanpamendurik" egongo, eta abesti ezberdinak abesteko geldiuneak abesti bateko iraupena izango lukete (3-5 minutu).
Konpartsak tribu ezberdinek eta txarangak osatuko dituzte, eta Erreginen gurdia ere joan ahalko da. Konpartsetako kide guztiek musukoa eraman beharko dute, eta kideen arteko zein publikoarekiko distantzia mantentzen saiatuko dira. Era berean, ibilbideak aztertuko dira kale zabaletatik joateko, publikoaren aglomerazioa ekiditeko.
Era berean, inude eta artzaien konpartsak otsailaren 20an egitea pentsatu dute ohiko ordutegian baldintza berdinetan.