Gizartea -

Koronabirusa

Tolosako inauteriak, bertan behera bigarren urtez

Hala iragarri du Olatz Peon alkateak: "Ezinezkoa da, inauteri gogoz gaude eta jai giroan elkartzeko beharra ere badugu, baina osasuna lehenetsi behar da".

2020ko inauterien irudi bat. Argazkia: EITB Media
2020ko inauterien irudi bat.
2020ko inauterien irudi bat. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ezinezkoa da", horrela laburbildu du egoera Olatz Peon Tolosako alkateak 2022ko inauteriak ospatzeko aukera hizpide hartuta. Bigarren urtez segidan, bada, Euskal Herriko aratuste ezagunenetarikoak bertan behera geratu dira.

Udalak gaur jakinarazi du erabakia, prentsaurrekoan. Alkateak aitortu du ez dela "erabaki erraza izan". "Inauteriak oso jai maitatuak direlako tolosarrontzat, inauteriek batu egiten gaituztelako, berdindu; inauteri gogoz gaude eta jai giroan elkartzeko beharra ere badugu, baina egungo osasun egoera medio arriskutsua litzateke horrelako jai jendetsua ospatzea (...) osasuna lehenetsi behar da", azaldu du.

Dena dela, hurrengo urtean "ohiko eran" ospatzeko "itxaropen osoa" dutela nabarmendu du.

Peonen hitzetan, hiru irizpide izan dituzte erabakia hartzeko: osasun egoera (herrian 100.000 biztanleko 6.300 pasatxokoa da intzidentzia), ospitaleratu kopurua eta ZIUn dauden gaixoen kopurua eta indarrean dauden neurri eta gomendioak.

"Egungo osasun egoerak ez du ahalbideratzen inauteriak ospatu ahal izatea, aurten ere ez direlako betetzen inauteriak ospatzeko beharrezkoak diren osasun baldintzak", adierazi du.

Haur eta gazteentzat programazio berezia

Bestalde, Izarne Iglesias Tolosako Kultura zinegotziak jakinarazi du Udalak, iaz bezala, haur eta gazteei zuzendutako programazio berezia antolatuko duela: zinema, haurrentzako emanaldiak eta Topaguneko eskaintza indartuko dira, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Tolosa gaur Inauteriak Donostia Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Medikuntza albisteak COVID fokuak