Gizartea -

Koronabirusa

Neurri murriztaile gehienak otsailean indarrik gabe geratuko dira Ipar Euskal Herrian

Otsailaren 2tik aurrera, aforo murrizketak desagertuko dira publikoak zutunik egoteko aukera baldin badu; gutxienez hiru egun astean telelana ez da derrigorrezkoa izango, orain arte bezala; ezta musukoa aire librean eramatea ere.

Baionako (Lapurdi) terraza bat. Artxiboko irudia: EiTB Media
Baionako (Lapurdi) terraza bat. Artxiboko irudia: EiTB Media
Baionako (Lapurdi) terraza bat. Artxiboko irudia: EiTB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean Castex Frantziako lehen ministroak ostegun honetan iragarri duenez, otsailean zehar covid-19ari eusteko "neurri murriztaile gehienak" altxatuko dituzte, nahiz eta "ospitaleetako presioa" oraindik "handia" izan.

"Bilakaera itxaropentsua da, baina gure osasun sistemak duen presioa ez dugu ahaztu behar", esan du Castexek, Olivier Veran Osasun ministroarekin egindako agerraldian.

Bilakaera ikusita, neurriak arintzea justifikatu du lehen ministroak, omikron delta aldaera baino arinagoa delako, baina olatu berria "ez da gripe xume bat", ohartarazi du, gripeak baino ospitaleratze askoz gehiago eragin dituelako. Frantzian, egunean, batez beste, 300.000 pertsona baino gehiago kutsatzen dira omikron aldaerarekin. Gaur 400.000 positibo baino gehiago zenbatu dituzte hirugarren egunez jarraian (425.183).

Castexek zehaztu duenez, otsailaren 2tik aurrera, aforo murrizketak desagertuko dira, publikoak zutunik egoteko aukera baldin badu; gutxienez hiru egun astean telelana ez da derrigorrezkoa izango, orain arte bezala; ezta musukoa aire librean eramatea ere.

Era berean, otsailaren 16tik aurrera, tabernetan eta jatetxeetan zutunik kontsumitzea posible izango da. Gainera, abendutik itxita dauden diskotekek ateak berriz zabalduko dituzte.

Bestalde, neguko oporraldiaren ostean, otsailaren amaieran, Lehen Hezkuntzan maskara erabiltzeko derrigortasuna desagertzea aztertuko dute, baita autotest politika polemikoa ere.

Gainera, txertaketa ziurtagiriari dagokionez, Kontseilu Konstituzionalak balioztatzen baldin badu, datorren astelehenean indarrean sartuko dela iragarri du.

Kutsatu eta ospitaleratuen kopuruak hobeak badira, txertaketa ziurtagiriak nahitaezkoa izateari utziko diola aurreratu du Castexek. Gainera, herritarrak txertatzera animatzeko, otsailaren 15era bitartean lehen dosia jaso eta bigarrena hilabetean hartzeko konpromisoa hartzen dutenek ziurtagiria lortuko dutela ziurtatu du Castexek, betiere 24 ordu baino gutxiago dituen proba negatibo bat aurkeztuz gero.

Frantziako herritarren % 80k jaso dute txertoa; beraz, Europako herrialdeek emandako datuen arabera, txertatuen portzentajerik onenetakoa dute bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua