Gizartea -
Haur danborrada mugatua
Donostiak festaren zati txiki bat berreskuratu du bi urte geroago
Oraingoan bakarrik umeen eskutik, nahiz eta guztiek ezin parte hartu. 2023an jaia bere osotasunean disfrutatzea espero dute donostiarrek.
Agentziak | EiTB Media
Donostiako kaleek upelen eta danborren hotsa entzun dute bi urte geroago. Oraingoan bakarrik umeen eskutik, nahiz eta guztiek ezin parte hartu. 2023an jaia bere osotasunean disfrutatzea espero dute donostiarrek.
Gipuzkoako hiriburua bere festak normaltasunez ospatu ahal izan zituen gutxienetako bat izan zen 2020an, "Asiako pneumonia" mundu mailako pandemia larri bihurtuko zela inork gutxi espero zuenean.
Baina iaz isiltasunak hiria hartu zuen. Etxeratzeko agindu, txertorik gabe eta neurri murriztaile oso zorrotzekin, Donostiak ez zuen jai egitarauko ekitaldirik egin urtarrilaren 20an.
Aurten, iaz baino intzidentzia metatu 13 aldiz handiagoarekin, baina bizitza berreskuratzeko bidean pentsatzen hasia den gizarte batean, hiriak festaren zati txiki bat berreskuratu du, haur danborra mugatu batekin. Horrela, indarrean dauden osasun neurrietara egokitzeko formatu berria izan du haur danborradak.
Festa bart hasi zen bi tokitan. Victoria Eugenia antzokian, Hiritar Merezimenduaren Dominak banatzeko ekitaldia egin zuten, baita Urrezko Danborra ospatu ere. Normalean, bigarrena urtarrilaren 20an entregatzen dute, San Sebastian egunean.
Baina covid-19ak Urrezko Danborraren ekitaldia baldintzatu du; izan ere, Esther Ferrer sarituak ezin izan du Parisetik Donostiarako bidaia egin. Eneko Goia alkatea Frantziako hiriburura joan zen igandean, artistari saria emateko.
Edonola, murrizketekin bada ere, Donostiak ohiko ekitaldi bat berreskuratu du; izan ere, 2021ean ezin izan zuten egin.
Bestalde, Reale Arenan Sarriegi maisuaren San Sebastian martxa entzun zuten bart. Era berean, 28.000 zale txuri-urdinek Realaren garaipenaz gozatzeko aukera izan zuten Errege Kopako final zortzirenetan. Talde donostiarrak Atletico Madril menderatu zuen.
Beste batzuek elkarte gastronomikoetan (iaz itxita) eta etxeetan abestu zuten. San Sebastian bezperako afariak antolatu zituzten, baina ez zen bandera-jasoerarik egon Konstituzio plazan, ekitaldirik jendetsuena egun handian.
Helduen danborradak ere ez dira kaleetara atera. Haurrenak bai, ostera, baina ibilbide bakarrean milaka ume pilatu barik.
Horrela, 27 ikastetxe eta elkarteetako 30 konpainiak desfilea egin dute eguerdian, hiriko bost toki ezberdinetan, jende pilaketak saihesteko; guztira, 2.965 haur (% 63).
Sukaldariz edo soldaduz janzteko aukera izan dute umeek, ibilbide mugatuetan danborrak eta upelak astintzeko.
Danborrari txikiek, hotzari eta euriari aurre eginez, irribarrerik gabeko jai baten erantzukizuna hartu dute; izan ere, aurpegiak maskara atzean gorde behar izan dituzte.
Haur danborradaren ostean, gaueko ekitaldi ofizialekin eta afari pribatuekin batera, festaren pusketa bakarra, isiltasuna hiriko kaleetara itzuli da. Orain Donostiarrek beste urtebete itxaron beharko dute jaia bere osotasunean gozatu ahal izateko esperantzarekin.