Gizartea -
'Egun on Euskadi'
Erkoreka, murrizketak arintzeaz: "LABI teknikoak hartuko du erabakia, pandemiaren bilakaeran oinarrituta"
"LABI teknikoak esango du urtarrilaren 28an neurriak arindu behar diren ala ez. Datozen egunetan pandemiak duen bilakera kontuan izan beharko dute horretarako", esan du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.
L.Z. | EITB MEDIA
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua ETB1eko 'Egun On Euskadi' saioan izan da ostegun honetan, azken egunetako lerroburuak mintzagai hartuta. Besteak beste, covid-19ari aurre egiteko urtarrilaren 28ra arte ezarritako murrizketak arinduko dituzten ala ez galdetu diote Erkorekari, eta argi utzi du LABI teknikoak hartu beharreko erabakia dela, "datozen egunetan pandemiak duen bilakaeran oinarritua".
Horrekin lotuta, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak antigeno proben emaitzei buruz atzo esandakoari erantzun dio. "Legez, positibo ematen duen pertsona orok osasun publikoari komunikatu behar dio. Dena den, baliteke gaixoetako batzuk autokonfinamenduaren alde egitea, eta kutsatuta daudela ez jakinaraztea", adierazi du.
Jaurlaritzak itzuliko dituen isunak
Isunak bertan behera utzita, Justiziak ez duela batere lagundu onartu du Jaurlaritzako eledunak: "Prozedura izugarria egin behar dugu diru hori itzultzeko. Ertzaintzari konpromisoa eskatu zitzaion, arauak betetzen ez zituztenak zigor zitzaten, eta orain indarrik gabe geratu da esandakoa".
Ildo horretan, esan du isunak ordaindu zituzten guztiek jakinarazpen bat jasoko dutela etxean, eta Administrazioari dirua jasotzeko nahia erakutsiz gero, ordaindutakoa itzuliko zaiela. Horretarako formulario bat bete beharko dute.
Realaren partiduaren atarikoan izandako istiluak
"Negargarriak izan ziren atzoko istiluak, bisitariei egindako harrera oso itsusia izan zen, irainak zein eraso fisikoak egon zirelako", nabarmendu du Erkorekak.
Jaurlaritzak istilu horiek ikertuko dituen galdetuta, azpimarratu du gisa horretako liskarretan beti egiten dela ikerketa bat, "nahiz eta kasu honetan oso zaila den zerbait argitzea eta erantzukizunak zehaztea".
Laura Garridori ere erantzun dio Ertzainak dituen baliabideen inguruan: "Ertzaintzak beti izan du Segurtasun Sailaren babesa, eta pertsonalki nire babes osoa ere badauka. Ertzaintzari egindako eraso guztien aurrean, erantzuna eman izan dut nik neuk, eta baliabideei dagokienez, urtero berritzen ditugu. Adibidez, asmoa da aurki ertzain bakoitzak bere kamera eramatea aldean. Gardentasunerako urrats garrantzitsua da hori, frogak egon daitezen".
Mozal legearen aurrean, azaldu du legeak finkatzen dituela Ertzaintzaren jardunaren mugak eta protokoloak. "Legebiltzarrak horretara egokitu beharra dauka, hau da, legeak esaten duena aplikatuko dugu, demokratikoki horrela izan behar delako. Alegia, Legebiltzarrean ezarritako arauak errespetatuko ditugu", esan du.
Ertzaintzaren eta herritarren arteko tentsioa hizpide, Segurtasun sailburuak uste du egoerak ez duela orain dela 10-15 urtekoarekin zerikusirik: "Horrek ez du esan nahi istiluak egon ez direnik, baina esan dezakegu erasoak ere digitalizatu egin direla. Hori dela eta, segurtasun erronkek beste bide bat hartu behar dute aurrerantzean".Ertzaintzak 40 urte
Digitalizazioaren erronka segurtasun indarretara ere eraman du, "datozen belaunaldiak digital jaioko direlako". Dena den, Ertzaintzak baditu beste erronak garrantzitsu batzuk ere, hala nola, euskalduntzea eta emakumeen presentzia indartzea.
Bigarren puntu horretan, pozik agertu da azken deialdiarekin, inoiz baino emakume gehiago aurkeztu zirelako (% 31).