Gizartea -

SAN SEBASTIAN EGUNA

San Sebastian eguneko ospakizunak bertan behera geldituta, gaua lasaia izan da Donostian eta Azpeitian

Gauerdian Donostiako Konstituzio plazan bildutakoek 'San Sebastian martxa' abestu dute, modu inprobisatuan, baina ez da aparteko gorabeherarik izan. Donostian, haurren danborrada izango da eguneko ekitaldi bakarra, bost auzotan banatuta.

Donostiako Konstituzio plaza. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
Donostiako Konstituzio plaza
Dozenaka lagunek San Sebastian egunaren hasiera ospatu dute gauerdian

2:20

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren urtez jarraian, San Sebastian egunez ez da helduen ohiko danborradarik izan Donostian. Baina gauerdiko kanpai-hotsak entzutearekin batera, Donostiako Konstituzio plazan bildutakoek San Sebastian martxa abestu dute, modu inprobisatuan. Plaza bete egin da, eta festa giroa izan da Alde Zaharrean. Dena dela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITB Mediari jakinarazi dionez, gaua lasaia izan da, eta ez da aparteko gorabeherarik izan. Horrela berretsi du Eneko Goia Donostiako alkateak ere Euskadi Irratian.

Bandera gauerdia jo baino lehen igo dute Konstituzio plazan, jende pilaketak ekiditeko.

San Sebastian eguneko ohiko ekitaldiak bertan behera gelditu dira, eta haurren danborrada izango da eguneko ekitaldi bakarra Donostian. Ia 3.000 umek hartuko dute parte bertan, 30 konpainiatan banatuta, eta hiriko bost auzotan barrena banatuta arituko dira. Eneko Goiak iragarri duenez, gutxienez haur danborrada horietako bat ikustera joango da.

Atzo arratsaldean, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Dominak emateko ekitaldia egin zuen Victoria Eugenia Antzokian. Añorga Kirol eta Kultur Elkarteak, Bidegin elkarteak, Jose Maria Leclercq historialariak, Kresala Zineklubak eta Zurriola Antzerki Eskolak jaso zituzten Hiritar Merezimenduaren Dominak. 2022ko Urrezko Danborra igandean jaso zuen Esther Ferrer artistak, Parisen, eta atzoko sari banaketa ekitaldian une horretako bideo bat emititu zuten.

Eneko Goia Parisera joan da Esther Ferrerri Urrezko Danborra ematera
Eneko Goia Parisera joan da Esther Ferrerri Urrezko Danborra ematera
Eneko Goia Parisera joan da Esther Ferrerri Urrezko Danborra ematera

0:48

Realaren partidaren atarian, Atletico Madrilen autobusari eraso egin diote eta pertsona bat zauritu da

Atzo, Realaren Errege Kopako partidaren atarian, Anoeta kanpoaldean bildutakoek objektuak jaurti zituzten Atletico Madrilen autobusaren eta Ertzaintzaren ibilgailu baten aurka. Istiluak izan ziren, eta autobuseko beira bat hautsi zuten.

Halaber, Segurtasun Sailaren arabera, Isabel II.aren Hiribidean zegoen pertsona bat osasun zentro batera eraman behar izan zuten buruan zauri bat zuelako. Antza denez, Atletico Madrileko jarraitzaile bat da, eta, dirudienez, eraso egin zioten.

Eneko Goia Donostiako alkateak Anoetako zelaiaren kanpoaldean izandako istiluak gaitzetsi ditu, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Danborrada Donostia bideoak Albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Jaiak Alde Zaharra Donostia