Gizartea -
TURISMO AZOKA
Natura eta gastronomia izango dira Euskadiren eta Nafarroaren turismo eskaintzaren gakoak Fitur azokan
Guztira, 66 enpresa joan dira Euskal Autonomia Erkidegotik Fitur azokara eta, 55, Nafarroatik. Gaur ireki ditu ateak Madrilgo turismo azoka ezagun horrek.
EITB Media
Madrilen gaurtik urtarrilaren 23ra egingo duten Fitur Nazioarteko Turismo Azokan beren erakustokiak aurkeztu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak. Natura eta gastronomia izango dira berriro ere Hego Euskal Herrira turistak erakartzeko egingo duten eskaintzaren gakoak. EAEtik 66 enpresa joan dira Madrilera, eta Nafarroatik beste 55.
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburua arduratu da EAEren standa irekitzeaz. Aurten, orain arteko eskaintza zabalena izango du, natura, gastronomia, jasangarritasuna eta berrikuntza ardatz.
Azokan, "lurralde plural, heterogeneo eta berritzaile" baten irudia emango du EAEk. Ildo horretan, erakustokira iristeko igaro beharreko zentzumenen tunela nabarmendu du Hurtadok. Horri esker, "Euskadiren irudi, soinu eta usainak hauteman ditzake bisitariak".
Halaber, Fitur bisitatzeak duen garrantzia izan du hizpide Turismo sailburuak, "sektore horretako langilei laguntzeko modu bat delako".
Hurtadok esan du azken bi urteak "oso gogorrak" izan direla turismoarentzat, pandemia dela eta. Horrenbestez, albiste ontzat jo du iaz Euskadik 2020an baino milioi bat turista gehiago jaso izana. Abuztuan eta urrian, gainera, 2019ko bisitari kopurua gainditu zuen EAEk. "Horrek erakusten du EAEn turismo profesionalek duten indarra", adierazi du.
Aurreko edizioetan baino 200 metro karratu gehiago izango ditu erakustokiak -700 metrotik 900era-. Horrekin lortu nahi dutena da 66 enpresei lekua bermatzea eta indarrean dauden segurtasun protokoloak bete ahal izatea.
Pintxoek ez dute hutsik egingo oraingo honetan ere, betiere, pandemiaren neurrietara egokituta. Gamarrako Ostalaritza Eskolak prestatuko ditu pintxoak, urdaiazpikoa, bakailaoa, txipiroia eta euskal oiloa erabilita.
Nafarroa
Nafarroak, bestalde, turismo arduratsu baten alde egingo du 42. edizio honetan. Hain zuzen ere, munduko helmuga turistiko jasangarrienetakoa dela erakutsiko du, Mikel Irujo Garapen Ekonomikorako kontseilariaren esanetan.
Irujok nabarmendu du, Nafarroak oraindik pandemia aurreko turismoa berreskuratu ez badu ere, 2021ean zehar % 80 egin zuela hobera, 2020ko datuekin alderatuta, behintzat. Hala eta guztiz ere, 2019ko datuen aldean, oraindik % 22ko galerak daude, Irujok azpimarratu duenez.
"Espero dugu pandemiaren seigarren olatu hau azkena izatea, eta urte berri honetan 2019 datuak gainditzea", zehaztu du aurkezpenean.
Covid-19aren aurkako araudiak exijitutako higiene eta segurtasun protokoloak jarraituz diseinatu dute 500 metroko koadroko erakustokia. Ikus-entzunezko medioentzat tokia gordeko dute, baita ezintasunak dituzten pertsonentzat ere.