Gizartea -

Koronabirusa

EMAk uste du "arrazoizkoa" dela laugarren dosia jartzea immunoeskasia dutenei, ez, ordea, biztanleria osoari

Agentziaren arabera, dosi gehigarriak urtaro hotzena heltzean jarri beharko lirateke, gripearen kontrako txertoarekin egiten den bezala, "antigorputzen erantzuna handituko lukeelako gehien behar dugunean".

Osasun langile bat covid-19aren aurkako txerto bat prestatzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat covid-19aren aurkako txerto bat prestatzen.
Osasun langile bat covid-19aren aurkako txerto bat prestatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sendagaien Europako Agentziak (EMA, ingelesezko siglengatik) uste du "arrazoizkoa" dela sistema immunologiko eskasa duten pertsonei covid-19aren kontrako laugarren dosia jartzea, baina, ohartarazi duenez, oraindik ez dago daturik ziztada gehigarri hori osasuntsu dauden herritarrei ematea gomendagarria dela esateko.

Marco Cavaleri Agentziako Txertaketa Estrategiaren buruaren hitzetan, "errefortzuzko dosiak denbora tarte txikian jartzeak emandakoan sortzen diren antigorputzen kopurua murriztea ekar lezake; izan ere, gure sistema immunologikoak denbora behar du antigeno bati erantzuna emateko. Horrela, txertaketak eraginkorra izateari utz liezaioke".

Aitzitik, denborarekin beste ziztada bat ematea beharrezko ikusten bada, batez ere arrisku taldekoei, EMAk azpimarratu du urtaro hotzena heltzean egin beharko litzatekeela, gripearen kontrako txertoarekin egiten den bezala, "antigorputzen erantzuna handituko lukeelako gehien behar dugunean". 

Bestalde, EMAk koronabirusaren jarraipena egiteko antolatutako lantaldearen arabera, "gero eta ebidentzia gehiago" daude esateko RNA mezulariko (Pfizer eta Moderna) txertoek ez dietela aparteko ondoriorik ekartzen haurdunei eta haurtxoei. Gainera, kontuan hartuta koronabirusa larria izan daitekeela haurdunentzat, batez ere hiru eta lau hilabeteko haurdun daudenentzat, txertoa hartzeko deia egin die egoera horretan dauden emakumeei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa