Gizartea -
KORONABIRUSA
Osasun Ministerioak eta erkidegoek laugarren dosia zein kasutan jarri eztabaidatuko dute gaur
Immunoeskasia dutenei covid-19aren aurkako txertoaren laugarren dosia jartzea zentzuzkoa dela ebatzi du Sendagaien Europako Agentziak.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek bilera egingo dute gaur, pandemiaren bilakaera aztertzeko, joera aldaketa gero eta gehiago aipatzen ari den honetan. Azarotik lehen aldiz, Estatuko intzidentzia metatuak behera egin zuen asteartean.
Espainiako Gobernuak asteartean zabaldutako datuen arabera, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 91 puntu jaitsi da, 3.306raino.
Gaurko bileran, hainbat gai aztertuko dituzte; besteak beste, errefortzu dosiaren bilakaera nolakoa izan den eta laugarren dosia zein kasutan gomendatu behar den.
Sendagaien Europako Agentziaren arabera, zentzuzkoa da immunoeskasia dutenei covid-19aren aurkako txertoaren laugarren dosia jartzea. Hala ere, Sendagaien Europako Agentziaren esanetan, ez dago daturik osasuntsu dauden herritarrei ematea premiazkoa dela esateko.
Marco Cavaleri txertaketa estrategia arduradunaren hitzetan, populazio orokorrari errefortzu dosia maiz jartzea ez da egokia, batetik, txertoen eraginkortasunari eragin diezaiokeelako, eta, bestetik, herritarrengan nekea eta logistika arazoak sor ditzakeelako.