Gizartea -
KORONABIRUSA
Bost pertsona hil dira azken astean Bizkaiko eta Arabako adinekoen egoitzetan
Gainera, seigarren olatu honek 15 hildako utzi ditu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Covid-19aren seigarren olatua bete-betean sartu da Euskadiko adinekoen egoitzetan. Bizkaian 4 pertsona hil dira covid-arekin azken astean, eta Araban bat. Gainera, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak aurreratu duenez, 15 pertsona hil dira seigarren olatuan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
Bizkaian 571 egoiliar positibo daude, aurreko astean baino 160 gehiago. Horietatik 29 ospitaleratu behar izan dituzte eta 4 pertsona hil dira azken astean. Lau heriotza horiekin 9 dira dagoeneko Bizkaiko egoitzetan pandemiaren seigarren olatuan covid-19arekin hildako erabiltzaileak.
Guztira adinekoentzako 154 egoitza daude Bizkaian, eta horietatik 73 zentrotan dute kutsaturen bat, duela zazpi egun baino 13 gehiagotan. Langilei dagokionez, berriz, 249 pertsona daude kutsatuta eta 54 bakartuta, covid-aren baieztapenik gabe.
Araban, azken egunotan covid-19ak kutsatutako pertsona bat hil da Gasteizko Albertia Campus egoitza pribatuan. Gainera, Arabako adinekoen egoitzetako 286 egoiliarrek koronabirusa dute une honetan, eta horietatik 13 ospitalean daude.
Betalde, 123 langile daude bajan, gaixoen kontaktu estuak direlako edo gaitzean positibo eman dutelako. 31 zentrok zenbatu dituzte covid-19aren kasu aktiboak erabiltzaileen artean.
Gipuzkoan, gaur egun 441 covid kasu positibo aktibo zenbatu dituzte adinekoen 38 egoitzatan, Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez.
Kutsatutakoen artean 41 pertsona ospitaleratuta daude, eta seigarren olatu honetan 15 pertsona hil dira covid-ak jota Gipuzkoako adinekoen egoitzatan (kutsatutakoen % 1,8). Pandemia hasi zenetik 355 dira jada hildakoak. Mendozak egungo protokoloen eta txertoen garrantzia azpimarratu du.