Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19ak eragindako ospitaleratze berriak % 28 murriztu dira azken bost egunetan EAEn
Urtarrilaren 12az geroztik, ohiko geletan ere paziente kopuruak behera egin du, baina pertsona gehiago daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Halaber, azken hiru asteetan gora egin du heriotza kopuruak.
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Azken egunotan koronabirusarengandik ospitaleratutako pertsona berrien kopuruak % 28ko beherakada izan du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta oinarrizko birsorkuntza tasa ere % 0,83ra jaitsi da, Araban oraindik % 0,99koa den arren.
Halaber, urtarrileko lehenengo eta bigarren asteko datuak alderatuz gero, kutsatzeen kopuruak % 24ko beherakada izan du eta intzidentzia-tasa metatua 6.600etik 6.235era murriztu da.
Hala ere, joan den urtarrilaren 11n Osakidetzak covid-19ari aurre egiteko protokoloan enegarren aldaketa egin zuen: jada ez dira positibo guztiak zenbatzen eta probak zaurgarriak diren kontaktu estuei soilik egiten zaizkie.
Protokolo berria indarrean dagoenetik bildutako datuak soilik aztertuz gero, urtarrilaren 12an, 23.730 test egin zituzten Osakidetzan eta 9.472 positibo izan ziren; eta urtarrilaren 14an, positiboak 8.523 izan ziren, baina test gutxiago egin ziren: 22.460.
Gauzak horrela, adituek ohartarazi dute pandemiaren benetako bilakaera zein den jakiteko kasu positiboen kopurua eta intzidentzia-tasa metatua jarraitzea ez dela eraginkorra izango aurrerantzean. Horrela, bada, arreta beste adierazle batzuengan jarri beharko litzatekeela azpimarratu dute, besteak beste, ospitaleratzeetan.
Eta erietxeetako egoerari dagokionez, protokolo berria indarrean dagoenetik, hau da, urtarrilaren 12tik 16ra bitartean, ospitaleratze berrien kopuruak beherako joera hartu du: 96tik 69ra jaitsi baita bost egunetan. Ildo berean, ohiko geletan dauden pazienteen kopurua 807tik 780ra jatsi da.
Alabaina, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan pertsona gehiago daude: 136 zeuden urtarrilaren 12an eta 143 atzo.
Horrez gain, gora egin du koronabirusaren ondorioz hil diren pertsonen kopuruak: abenduko azken astean 28 heriotza izan ziren; urtarrileko lehen astean, 50; eta joan den astean 78.
Laburbilduz, kutsatzeen kopuruak benetan behera egin duen ez dago jakiterik, baina azken egunotan ospitaleratze berriak murriztu egin dira, zainketa intentsiboetako unitateetan egoerak okerrera egin du eta covid-19ak eragindako heriotzak hazi egin dira.