Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetza eta Osasunbidea hasi dira errefortzu dosia hartzeko hitzordua ematen 30 urtetik gorakoei
Hutsuneen arabera, Osakidetzak ez du baztertzen aste honetan bertan txertoaren hirugarren dosia 18 urtetik gorakoei zabaltzea.
EITB Media
Osakidetza eta Osasunbidea gaur hasi dira 30 urtetik gorako herritarrei koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia hartzeko hitzorduak ematen. Gainera, agendan sor daitezkeen hutsuneen arabera, Osakidetzak ez du baztertzen aste honetan bertan txertoaren hirugarren dosia 18 urtetik gorako guztiei zabaltzea.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren erdiek jaso dute dagoeneko errefortzu dosia.
30 eta 39 urte bitarteko 180.000 pertsona inguru daude Euskal Autonomia Erkidegoan.
Orain arte bezala, hitzordua Osakidetzaren webgunearen bitartez hartu beharko da. Arazoren bat izanez gero, osasun etxera deitu ahalko da, eta 1 botoia sakatu ostean automatikoki jakinaraziko zaio erabiltzaileari zein egunetan eta zein ordutan jarriko dioten txertoa.