Gizartea -
OTSAILAK 3
Abadiñok San Blas ospatuko du berriro bere ohiko azoka eta kordelekin
Azoka nekazaritzako eta eskulaneko produktuak saltzera eta ganadua saltzera mugatuko da, kultur programaziorik, kale animaziorik eta txosnarik gabe.
A. S. - I. G. | EITB MEDIA
Gaur, otsailak 3, osteguna, San Blas azoka ospatzen ari dira Abadiñon. Kordelak, erroskillak eta pastelak berriz ere ohiko postuetan daude, eta jendea kalera bota da azokako produktuez eta abeltzainek eramaten dituzten animaliez gozatzeko.
Goizean zehar, jendea hurbiltzen joan da pixkanaka aurten salgai dauden produktuak ikustera, eta giroa pandemiaren aurreko urteen antzekoa bilakatzen ari da berriz ere.
Aurtengoa ez da aurreko urteetakoaren parekoa izango, baina azoka berreskuratu egin da, murriztuta bada ere. Abadiñoko azoka nekazaritzako eta eskulaneko produktuak saltzera eta ganadua saltzera mugatuko da, kultur programaziorik, kale animaziorik eta txosnarik gabe.
Iaz, pandemiak eraginda, bertan behera geratu zen azoka, eta Abadiñok azken mendeetan lehen aldiz ez zuen San Blas feria ospatu; izan ere, herria gune gorrian zegoen, eta ostalaritza, itxita.