Gizartea -

EUSKADI IRRATIA

Oso gela gutxi itxi eta 3.032 gaixo agiri kudeatu dituzte, Bildarratz Hezkuntza sailburuaren arabera

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eskerrak eman dizkie administrazioko eta hezkuntza komunitateko kideei egoera egonkor mantentzen laguntzeagatik.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Euskadi Irratian
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Euskadi Irratian
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Euskadi Irratian

play icon 28:32

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabonetako oporren ostean ikasgeletako egoera nahiko egonkorra dela nabarmendu du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan esan duenaren arabera, oso gela gutxi dituzte, "zerotik gertu", eta irakasleei dagokienez, sare publikoan bakarrik 3.032 gaixo agiri eta ordezkapen kudeatu behar izan dituzte.

3.032 ordezkapen horiei ikastetxe pribatuetan eta itunpekoetan egin direnak gehitu behar zaizkie. Egoera zaila izan arren, gehienak arazorik gabe kudeatu direla azpimarratu du sailburuak. Hala ere, ikasgai batzuen kasuan zerrendak ireki behar izan dituzte irakasleak ordezkatzeko, hizkuntzari lotutakoak dira gehienak, latina edo frantsesa esaterako.

Bildarratz: ''3.032 baja gestionatu behar izan ditugu arlo publikoan''
Bildarratz: ''3.032 baja gestionatu behar izan ditugu arlo publikoan''
Bildarratz: ''3.032 baja gestionatu behar izan ditugu arlo publikoan''

play icon 2:09

Gaur hasi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina. Jaiotze tasa urtez urte behera egiten ari denez, hurrengo urtean aurten baino 400-500 haur gutxiago izatea aurreikusten dute. Ikusteko dago koronabirusak zer nolako eragina izango duen. Bildarratzen esanetan, iaz, bi urteko haur gutxiagok eman zuten izena. Beste urtetan haurren % 95k izena ematen badute, iaz gutxiago izan omen ziren.

Iraleko ikastaroen polemikaz galdetuta Bildarratz sailburuak iragarri duenez, bi asteko epean berriro ere formazio saioak hastea da asmoa, beti ere, pandemiaren bilakaeraren arabera. Egoera berezietan erabakia bereziak hartu behar direla "mundu guztiak" ulertzen duela esanez erantzun die sailburuak kritikei.

Haur eta Lehen Hezkuntzako hurrengo Lan Eskaintza Publikoa uda ondorenerako espero du Hezkuntza sailburuak, 1.200 lanpostu baino gehiagorekin. Horietako batzuk behin-behinekoen lanpostuak egonkortzeko izango dira.

Hezkuntza Legea egosten ari diren honetan, udazkenean Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko moduan egongo dela uste du Bildarratzek. 2023a hauteskunde urtea izaki eta horrek eztabaida eta adostasuna zail dezakeela ulertuta, ordurako legea onartua izan nahiko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Irratia euskaraz Hezkuntza