Gizartea -
Bide-segurtasuna
Segurtasuna eskatu dute txirrindularientzat Gaintxurizketan
Duela astebete bertan hil zen Jon Rodriguez omentzeko eta bidegorria bezalako azpiegitura seguruak eskatzeko, bizikleta martxa egin dute ehunka txirrindularik.
eitb media
Trafiko handia duen Gipuzkoako puntu beltzetako bat da Gaintxurizketa txirrindularientzat. Horregatik, segurtasuna eta babesa bermatuko dituen azpiegitura baten aldarria zabaldu dute gaur ehunka txirrindularik Jon Rodriguezen omenezko ekitaldian, eta haren heriotza azkena izan dadila eskatu dute bi gurpilen gainean.
Istripua gertatu zen lekutik gertu antolatu dute protesta eta omenaldi ekitaldia zenbait txirrindulari elkartek, eta bi zutabetan joan dira Errenteriatik eta Bidasoaldetik.
Oihan Lopez Gurpil Artea elkarteko txirrindulariak esan du "segurtasuna" behar dutela, eta "abiadura murriztea", "lasai" ibili ahal izateko.
Txingudi bailara eta Errenteria-Donostialdea bizikletaz lotzeko behar lukeen bidegorri proiektua onartua dago 2013tik, eta Gipuzkoako Aldundiaren seinaleek diotenez, egina ere bai, baina zati labur bat baino ez da existitzen.