Gizartea -

RADIO EUSKADI

Susana Martin: "Lehen Arretan egoera oso zaila den arren, argi izpi bat ikusten dugu"

Egunero, batez beste, osasun-langileek 35 kontsulta eta ehunka telefono dei jasotzen dituztela aitortu du Susana Martin Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak. Osasun-zentroak "gainezka" daudela aitortu arren, itxaropentsu agertu da.

Olagibe anbulatorioa, Gasteizen. Argazkia: EFE.
Olagibe anbulatorioa, Gasteizen.
Olagibe anbulatorioa, Gasteizen. Argazkia: EFE.

play icon 24:22

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiaren seigarren olatua geldiaraztea eta gainezka dagoen Lehen Arreta arintzea. Horiek dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteon martxan jarri duen protokolo berriaren helburu nagusiak, eta Susana Martin Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak esan duenez, "egoera oraindik oso zaila  bada ere, argi izpi bat" ikusten hasi dira.

Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan, Martinek esan du Lehen Arretako zerbitzua eskaintzen duten zentroetan "momentu oso konplikatuak" bizitzen ari direla, egunero, batez beste, "35 kontsultarekin". Halere, itxaropentsu agertu da eta egoera bere onera etortzen hasiko den zantzuak ikusten ditu. Horren hitzetan, pandemiaren azken adierazleen arabera, "badirudi, Lehen Arretako egunerokoa modu normalago batean egin ahal izaten hasiko garela".

Halere, aitortu du, kudeaketa mailan, zailtasun handiak sortu zaizkiela, eta horiek bideratzea dela erronketako bat. Besteak beste, web bidez iristen zaizkien "formulario edo eskariak" kudeatzeko eta azkar erantzuteko zailtasunak aipatu ditu. Telefono-deiak, aldiz, azken asteotan azkarrago erantzuten ari direla nabarmendu du.

Koronabirusean positibo eman duten pertsonen kontaktuak arakatzeari uzteak ondorio kaltegarriak izan ditzakeen galdetuta, Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak adierazi du "herritar gehienek gaixotasuna sintoma arinekin" igaroko dutela eta horrek "lasaitasuna" ematen diela.

Osakidetzako langileen egoera ere izan du hizpide Martinek. Seigarren olatua gogor iritsi bada ere, osasun-langileek euren oporraldiak eta atseden egunak gozatu ahal izan dituztela esan du.  "Langileen % 5-10 bajan egon arren, ez dugu inoren oporrik bertan behera utzi behar izan", esan du. Erretiroa hartutako langileak berriro lanera itzultzea, berriz, "ordezkatzaileen zerrendak agortuta" daudelako izan dela esan du. Atzera berriz lanera itzuli diren langile guztien lana eskertu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak