Gizartea -

KORONABIRUSA

R0 adierazlea 0,92ra jaitsi da EAEn, hiru hilabetez 1etik gora egon ostean

14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du lehen aldiz urritik hona, baina oso altu jarraitzen du, 6.936,7 kasukoa baita. Ospitaleetako presioa ere altua da, eta guztira 943 pertsona daude ospitaleratuta.

Jendea Bilboko kaleetatik ibiltzen. Argazkia: EITB Media.
Jendea Bilboko kaleetatik ibiltzen
Jendea Bilboko kaleetatik ibiltzen. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oinarrizko birsorkuntza-tasa, covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, jaitsi egin da, eta 1etik behera dago bigarren egunez jarraian. Atzo, R0 adierazlea 0,92an zegoen, eta hiru lurraldeak 1etik behera daude. Oinarrizko birsorkuntza-tasa urriaren 11tik ez zen 1etik jaisten, eta 1,63ra iritsi zen abenduaren 30ean.

14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du apur bat iazko urriaren erdialdetik lehen aldiz; hala ere, oso altua da oraindik, 100.000 biztanleko 6.936,7 kasukoa baita. Astearte honetan Euskadik pandemia osoan lehen aldiz 7.000 (7.038,6) puntuko intzidentzia-tasa metatua gainditu ondoren eman dituzte datu horiek guztiak.

Jaitsiera hori puntuala izan daiteke edo etorkizuneko joera bat marka dezake; izan ere, 7 eguneko intzidentzia metatuak (epe laburrera gerta daitekeena islatzen du) laugarren egunez jarraian jaitsi da, eta azken egunean jaitsiera nabarmena izan du, ia 200 kasu gutxiago zenbatu baitituzte.

Atzo, 9.472 positibo berri atzeman zituzten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruz emandako datu eguneratuen arabera. Infekzio-bolumen handiena 30-49 urtekoen taldean dago oarindik, 3.600 positibo baino gehiagorekin, guztien % 38,5.

Gainera, 23.730 proba diagnostiko egin dituzte asteazkenean, eta positibotasun tasa oso altua da (% 39,9), astebetean izandako txikiena izan bada ere.

Ospitaleetako presioa ere altua da; izan ere, 943 gaixo daude ospitaleratuta: 807, gela arruntetan, eta 136, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU). Datu positiboena da ospitaleratutako gaixoen kopurua asteartekoa baino zertxobait txikiagoa dela, 982 baitzeuden orduan ospitaleetan: 840, gela arruntetan, eta 142, ZIUetan.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 100.000 biztanleko bi asteko intzidentzia metatua 7.357,4 kasukoa da Gipuzkoan, 6.843,8koa da Bizkaian, eta 5.883,2koa, berriz, Araban.

Hiriburuetako datuei dagokienez, Donostiak du adierazlerik altuena (6.585,8 kasu), eta Bilbo (6.604,17) eta Gasteiz (6.069,6) daude sailkapen horretan hurrengo postuetan.

Hiru hildako Gipuzkoako erresidentzietan

Bestalde, joan den asteartetik hiru adineko hil dira covid-19arekin Gipuzkoako erresidentzietan, Foru Aldundika jakinarazi duenez.

Horrez gain, 229 kasu positibo izan dira eta 94 adinekok gaitza gainditu dute.

Guztira, joan den azaroaren 29tik, 449 pertsona kutsatu dira Gipuzkoako zahar-etxeetan, 231 sendatu dira eta hamaika hil egin dira koronabirusaren ondorioz.

Bestalde, Gipuzkoako Senideak elkarteak salatu du adinekoen erresidentzietan bizi-baldintzak okerragoak direla orain eta Foru Aldundiari eskatu diote adinekoen ongizatea bermatu dezala eta covid-19aren aurkako protokoloak egokitu ditzala.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea